Nahi baino emozio gutxiago izan zuen Binakako Txapelketaren finalak, larunbat arratsaldean. Berehala egin zuten ihes markagailuan urdinek, Utergak eta Azpirozek, 2-15 jartzeraino; eta azkenean, espero baino errazago jantzi zuten txapela, 27-40 irabazita Juanenea eta Endikari.
Galarreta bete zuten 1.000 zale ingururen aurrean, hamar minututan eman zioten kolpea finalari. Oso bizi ekin zioten urdinek, eta aldiz, partiduan sartu ezinik gorriek. 2-15 horretatik aurrera, jokua berdindu egin zen, baina ez zuten lortu markagailuan gerturatzea; are gehiago, tartea haunditu ere egin zen, batzuetan: 12-31koa izan zen alde nabarmenena. Azkenean, Azpirozen nekeak indar pixka bat eman zien gorriei, baina 27-37 gerturatu ziren gehien.
Zenbakiek ere erakusten dute, urdinen partidu sendoa: 21 tanto egin zituen Utergak, akats bakarrarekin; eta Azpirozek 11 tanto, horietako 7 sakez, eta hiru akats.
Finalaren ondoren, Utergak azaldu zuen «oso zentratuta» hasi zutela partidua, «pelota ondo kokatuz», eta aurkariek ez zutela beraien maila eman; «neurri batean, ez diegulako utzi, eta urduritasunak ere eragina izan du». Azpirozek zioen, «nerbioak aldagelan» utzi zituela, eta «oso eroso» aritu zela. Ez, ordea, Juanenea: «hasieran bi-hiru pelota garbi huts egin ditut, eta nerbioek kalte egin didate», onartu zuen.
Barrenetxea, atzelari onena
Finalaren ondoren banatu zizkieten sariak, txapelketako onenei ere. Uterga izan da aurrelari onena, eta finalera iritsi ez arren, Endika Barrenetxea hernaniarra atzelari onena.