Gero eta gehiago dira, urtea korrika agurtzen dutenak; eta Hernanin ere, ohitura horri eutsiko diote bihar, Wukroren aldeko San Silbestre lasterketaren seigarren edizioarekin. Arratsaldeko 17:30etan hasiko dira gaztetxoen probak, eta 18:00etan izango da lasterketa nagusia, helduena.
8 urte bitartekoak abiatuko dira aurrena, eta 300 metroko ibilbidea osatuko dute. Gero, 17:45etan, 9-13 urtekoek hartuko dute txanda, 800 metroko zirkuitua osatzeko. Eta bukatzeko, 14 urtetik gorakoek, 4 kilometroko ibilbidea egingo dute, Plazatik abiatu eta Hernaniko kaleetan barrena, Kale Nagusitik gora berriro Plazan bukatzeko. «Lasterketa herrikoia da, eta askorik entrenatu gabe, edonork erraz egiteko moduko ibilbide motza dauka. Beraz, oraindik parte hartzeko zalantzan zaudeten horiek, apuntatzeko urratsa ematera animatu nahi zaituztegu», adierazi dute probaren antolatzaileek.
Izenemateak, interneten gaur edo Plazan bihar
Izenemate epea, gaur arratsaldeko 18:00etan bukatuko da internet bidez, www.kirolprobak.com webgunean, 8 euroan. Bihar, berriz, Plazan izango da aukera, probaren aurretik, 11 euroan. Korrikalari guztiek jasoko dute poltsa bana, lasterketako opariekin. Eta proba bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuek, saria jasoko dute; baita mozorro onenak ere!
Antolatzaileek gogorarazi dute, hiru helburu dituela lasterketak: herritarrei Wukroko errealitatea ezagutaraztea, Wukrorako laguntza ekonomikoa biltzea, eta herritarrentzat urtea amaitzeko lasterketa eta festa bat izatea.