Bigarren jardunaldia izango du gaur Hernaniko Eguberri Txapelketak, kiroldegiko frontoian, arratsaldeko 15:00etan hasita. Eta fase erabakigarrian sartu da dagoeneko.
Gaztetxoenek, benjamin eta alebin mailetakoek, final laurdenak jokatuko dituzte. Guztira 16 pelotari sailkatu ziren aurreko asteburuan, eta 20 partidu jokatuko dituzte, semifinaletara sailkatzeko.
Senior mailakoek, berriz, finalarekin daukate zita gaurkoan; baina finalaren joanekoa izango da. Lau hernaniar ariko dira lehian: Salaberria eta Insausti, Arizmendi eta Altunaren kontra. Eta datorren asteburuan, bikoteak aldatuko dituzte, finalaren bueltakoa jokatzeko. Hori horrela, bi partiduen artean tanto gehien pilatzen dituzten bi pelotariek jantziko dituzte txapelak.
Lau hernaniar elkarren kontra Iruran, trinketeko semifinalen bila
Baina frontoian bakarrik ez, trinketean ere zita garrantzitsuak dauzkate hernaniarrek. Gipuzkoako Txapelketa ari dira jokatzen, eta gaur, final laurdenak jokatuko dituzte lau kadete hernaniarrek... elkarren kontra. Iruran izango da, eta 11:00etan hasita, Xabier Apaolaza Anartz Oiartzabalen kontra ariko da; eta 12:00etan Jon Jara, Unax Uitziren kontra. Irabazten dutenek, semifinaletara pasea lortuko dute.