Jon Zarautz eta Axel Jauregi hernaniarrek Uniraid lasterketa abentura solidarioan hartuko dute parte

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 22a, 01:00

Axel Jauregi eta Jon Zarautz  hernaniarrek, 22 urterekin, Uniraid 2019 abentura solidarioan hartuko dute parte otsailaren 23tik mar­txoaren lehendabiziko astera arte. Bederatzi egun ibiliko dira Maro­koko desertu eta mendietan barrena 20 urte baino gehi­ago dituen kotxean, hori baita raidaren baldintzetako bat, erabiltzen diren kotxe guztiak 20 urte baino gehiago edukitzea. «Eta beste baldintza eta garran­tzi­tsuena, solidarioa de­la» go­go­­razten du Jon Zara­utzek. «Gu­­­txienez 40 kilo material soli­­dario eraman behar ditugu eta bertan banatu basamortuko eskoletan».

Ez da lasterketa hutsa, baizik eta abentura-bidaia baten filo­sofia du oinarrian. «18-28 ur­te bitarteko, Iberiar penintsulako, ikas­leentzat dago zuzendua» dio Zarautzek. Axel Jauregik nondik norakoak ongi ezagu­tzen ditu, nahiz bientzat lehenengo esperientzia izan honelako proiektu batean. «Zaz­pi urteko bizitza du Uni­raidek. Dakarren Medicos Sin Fron­te­rasekin aurretik ibilitakoek sor­tu zuten. Erabaki zuten ikas­leen­tzako antolatzea Dakar mo­duko esperientzia bat. Hel­bu­rua material solidarioa ba­na­­tzea da. Eskoletan bana­tzen da gehiena, baina gero bidean zoazenean jendearen beharrak ikusi eta materiala uzten du­zu».

«Ezin da ez janaririk ezta medikamenturik banatu»
Materialaren artean ezin da ez janaria, ezta medikamenturik eraman. «Arropa, eskolako ma­teriala, bizikletak eta jostailuak dira batez ere eramaten direnak. Antolatzaileek bidera­tzen dizute eta zerk duen balioa esaten dizute», argitu dute Jonek eta Axelek. «Posible da enpresa baten patrozinioa lor­tzea eta beraiek saltzen dutena eramatea», diote. 

Abentura Hernanin bertan hasiko dute. «Partaide bakoitza bere inskripzio gunetik hasten da. Bartzelonan izena eman du­tenek bertan hartzen dute ferrya, baina besteei Algecirase­raino jaistea derrigortzen gaituzte, eta bertan hartuko dugu ferrya Tangerrera. Bertan kotxe­ak ikuskatzen dituzte, ondo dauden ikusteko, eta orduan has­ten da lehenengo etapa», azaldu dute Jonek eta Axelek. 

Ehundik gora kotxek partehartzen dute. «Oraindik ez da­ki­gu kopuru zehatza. 150 taldek hartzen dute parte. Kotxeak ezin du izan lau gurpiletako trak­zioa, hau da ezin da todoterrenoa izan». 

«350 eurotan erosi dugun 21 urteko Opel Astran egingo dugu ibilbidea»
Kotxeak bizi irautea da beraien lehenengo itxaropena. «1997ko Opel Astra batekin goaz. 350 euroan lortu dugu Barakaldon. Ez da abiadurako lasterketa bat eta partaideak zazpi etapa osa­tu behar ditugu bederatzi egune­tan eta Tanger-ekoa kontutan hartzen badugu hamar.  Azkenengo eguna libre uzten digute Marrakexen. Nabegazio etapak izaten dira eta beti ere Marokoko mugetan». 

Basamortua ikutuko dute. «Lehenengo etapan Atlaseko elurra ere bai». Bartzelonan ikasten ari diren euskaldunek ere parte hartuko dute: «Az­pei­tiako eta Zarauzko neska-mutilak izango dira bertan, eta Bartzelonatik aterako di­ra». 

18-28 urte bitarteko ikasleentzat dago zuzendua eta Iberiar penintsulako edozeinek hartu dezake parte. «Ezin da maparik erabili eta roadbook-arekin goaz»

Taldeak bikoteka osatzen dira. Axel Jauregi ingenieritza elek­tronikoa ari da ikasten eta Jon Zarautz gizarte langintza. «Ez da ikasketa unbertsitariorik egin behar, partehartu de­za­­kezu beste ikasketa motak egiten ari baldin bazara. Ikaslea  izan behar da derrigorrez». 

«Youtuben izan nuen lasterketaren berri»
Bitxia da nolatan sartu diren bi hernaniarrak abentura honetan. Jon Zarautzek kotxe zahar bat erosi eta gero etorri zen ideia. «Youtuben bideoak ikusten ari nintzen kotxe zahar hori konpontzeko eta Unirai­deko bideo batekin topatu nintzen eta gogoa sartu zitzaidan. Gus­tatu eta interesa sortu zidan».

Koadrilakoei esan eta Axeli  ere harra sartu zitzaion. «Bi­deo gehiago ikusi nituen eta uni­bertsitateko batek partehartu zuela ikusi nuen. Berarekin kon­taktuan jarri ondoren gehi­ago berotu ginen eta izena eman genuen. Proiektuaren­tzako diru guztia guk jarri be­har dugu. 4.000 euro baino ge­hi­ago eta esponsorrak bila­tzen ari gara».   

Lasterketa ere bada, nahiz eta ez izan abiadurakoa. «Az­ken egunera arte ez dizute esaten zenbat denboran egin du­zun ibilbidea. Ez da lehiakortasuna bultzatzen. 150 kotxe gau­de, bai­na taldetxoak egiten dira, elkar laguntza dago».

Egun osoa egoten dira ko­txean sartuta. «Mugikor bat ematen digute, jakiteko denbora guztian non gauden. Galtzea oso erraza da, eta seguru asko, as­kotan ibiliko gara galduta. GPS hori erabiliko da jakiteko zenbat kilometro egin ditugun, baina inoiz ez mapa bezela. Nabegazioko etapak dira brujularekin egiten ditugunak, roadbook-arekin goaz». 

«Atlas mendietan elurra eta basamortuan hotza eta beroa izango ditugu»

Hori bai, hiru egunetan hotelean pasako dute gaua,  beste lau egunetan basamortuan an­to­latutako kanpamenduetan eta maratoi etapan, vivac askean. 

«Laguntza mekanikoa edukiko dugu, kotxeak arazoak emango baititu segur
Asistentzia eta laguntza izaten dute arazoak izanez gero. «Mekanikariak ez gara. Antola­kuntzak badauzka eta taldeen artean laguntzen gara. Beste talde euskalduna mekanikariek osatzen dute. Hala ere, argi dugu arazoak agertuko direla, apurtuko da kotxea seguru».

Eguraldiak ere badu zer esana. «Goazen garaian gauean hotz haundia egingo du eta egunean zehar beroa egingo du, baina jasangarria da. Hilabete be­ro batean ezingo litzateke egin». Taldeak badu izena Aw­qa­si­sa eta proiektuan lagundu nahi duenak  658 750 870-627 100 236 telefonoetara deitu dezake edo jonzarautz7@gmail.com eta axelja6@gmail.com helbideetara idatzi daiteke laguntza eskain­tzeko.

Kanpamendu sahararretara hurbiltzea ez dute uzten. «Alge­riara ezin dugu pasa, hala ere nomada asko dabil eta horietako asko sahararrak dira. Heli­ko­pteroa segituan agertzen omen da mugara hurbiltzen bal­din bazara». 

Etxekoen animoak ere jaso dituzte, nahiz eta hasieran ez sinetsi. «Honelako espe­rien­tziak behin bizitzen direla eta aprobetxatzeko esan digute. Uni­raiden kamixetarekin ikusi gintuztenean, esan ziguten: bazoazte, ezta?».
 

IBILBIDEA
Lehenengo eguna: Otsailaren 23an, larunbata. Tanger-Meknes.
Bigarren eguna: Otsailaren 24an, igandea. Meknes-Rich.
Hirugarren eguna: Otsailaren 25ean, astelehena. Rich-Erg Znigui.
Laugarren eguna: Otsailaren 26an, asteartea. Erg Znigui-Erg Znigui.
Bosgarren eguna: Otsailaren 27an, asteazkena. Erg Znigui- (maratoi etapa).
Seigarren eguna: Otsailaren 28an, osteguna. (maratoi etapa-Nkob).
Zazpigarren eguna: Martxoaren 1ean, ostirala. Nkob-Marrakex.
Zortzigarren eguna: Martxoaren 2an, larunbata. Marrakex-Marrakex.
Bederatzigarren eguna: Martxoaren 3an, igandea. Marrakex-Tanger.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!