Urtero antolatzen du Iruñako Udalak, Nafarroako Egile Berriendako Lehiaketa, hiru kategoriatan: bertso paperak, narrazioak eta poemak.
Eta aurten, sarituen artean izan da goizuetar bat: Esteban Arozena. Bertso paperetan aurkeztu zen bera, eta hirugarren saria lortu du, baita sorpresaz lortu ere: «maila haundiko bertso idazleek hartzen dute parte, eta ez nuen espero saririk. Sekulako ilusioa egin dit», onartu du Arozenak.
Gutxienez, 25 bertsoz osatutako sorta zabala aurkeztu behar du partehartzaile bakoitzak, eta Pilota, gure kirol nazionala izeneko lana egin zuen goizuetarrak.
Aurtengoa ez da izan, ordea, lehiaketan parte hartu duen aurreneko aldia, ezta jaso duen lehenengo saria ere. 1996an, 1997an eta 1998an ere aurkeztu zituen bertso paperak, eta bigarren, hirugarren eta irabazle izan zen urte haietan, hurrenez hurren. «20 urtez ez dut parte hartu ordutik, eta aurten gogoa piztu zait berriro», dio. Joseba Asiron Iruñako alkateak eman zion saria.