Igoera nabarmena izango dute 2019an, Hernaniko Udal Aurrekontuek; %17,84koa hain justu, iazko hasierako aurrekontuen aldean. Horrela, 32.319.683 eurokoa da, Udal Gobernu Taldeak azaroan proposatu, eta joan den astearteko Plenoan onartu zena. Proposamena ez dute babestu oposizioko alderdiek, eta kontrako botoa eman dute.
Ezohiko sarreretatik etorri da aurtengo igoera, Isa Sanchez Ogasun zinegotziak azaldu duenez: «hiru diru sarrera izan dira bereziki, ez direnak errepikatuko hurrengo urteetan. Batetik, Zikuñagako papelerak haunditze obra egingo duela, eta horrekin zerga batzuk ordaindu beharko dizkiola Udalari; bestetik, Fondo Foralaren igoera izugarria aurreikusi dutelako Aldunditik, 2019rako; eta hirugarrena, Galarretako eremua garatzen dugunean, bertako enpresek zati bat eman beharko diotela Udalari».
Eta hain justu, hori izango da, ezohiko diru sarrerei esker Udalak egingo duen inbertsio nagusia: Galarreta eremuaren garapena; guztira 2,78 milioi euro jaso dira. «Aprobetxatu dugu ezohiko diru sarrera, eta proiektua ia bukatuta dagoela, bultzada bat emateko Galarretari. Ideia da Galarreta prestatzea, bertan dauden enpresak geratzeko, eta berriak datozenean prest egoteko», azaldu du Luis Intxauspe alkateak.
«Ezohiko diru sarrera horiek gabe, ezingo genuke hain inbertsio haundirik egin, legeak ez digulako uzten. Ezin dugu mailegurik eskatu inbertsio haundiak egiteko», dio Sanchezek.
Edozein kasutan, argitu du «indikatzaile ekonomikoen arabera, solbentzia, likidezia eta oreka egoeran» dagoela Hernaniko Udala, eta Gipuzkoako udalen batazbestekoa baino nabarmen hobeto dagoela, zorpetze mailari, mailegua amortizatzeko gaitasunari, altxortegiari eta sarrera propioei dagokienez: «guztiok daukagu Fondo Foralaren dependentzia, baina Hernaniren kasuan, errekurtso propioen maila oso inportantea da».
«Inportantea da Galarreta garatzea, Hernanirentzat»
Inbertsio potoloena, Galarreta eremua garatzekoa, «Hernanirentzat inportantea» dela nabarmendu du Intxauspek: «Galarreta izango da Hernaniko aktibitate ekonomikorako ardatz garrantzitsu bat».
Batetik, Volvo edota zerrategia dauden ingurua garatu nahi dute, bertan dauden enpresak geratzeko. «2019rako aurreikusi duguna da, sistema orokorra deitzen duguna: zerrategiaren parean errotonda berri bat egitea, Galarretatik harainoko bideak, bidegorriak, sarbideak, autobus geltokia, saneamendua, fibrak... Udalak aurreratuko du dirua eta obra bideratu, nahiz eta gero, bertako enpresek Udalari ordaindu beharko dioten. Gainera, zerrategia dagoen eremu horretan, urbanizazio lanak egingo dira, bertan dauden enpresek izan ditzaten beharrezko sistema orokorrak, baliabideak, fibrak... Proiektua bukatzen ari da, eta obra horiek 2019an jarriko dira martxan». Eta bestetik, eremu berriak ere garatu nahi dituzte, enpresa gehiago erakartzeko: «parke teknologikoa daukagu, Orona dagoena, urbanizatuta dagoena eta enpresa berriak erakarri beharko genituzkeena; eta bestetik, daukagu Estubegi industrialdea izango dena, urbanistikoki lantzen ari dena eta 2019an obrekin hastea espero duguna».
Luis Intxauspe: «aurrekontuen zati inportante bat bideratzen da dirulaguntza eta ekarpenetara, herria bizirik mantentzeko. Gure funtzioa da eragileei jarduera erraztea»
Alkateak nabarmendu du, hala ere, Galarretako garapenerako Hernaniko Udala ez dagoela bakarrik, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere hor daudela: «nahi duguna da, hiru instituzioen artean, guzti honen garapena aurrera eramatea, guztien ekarpena delako garrantzitsua».
Zenbait partida berri, sail ezberdinetan
Galarretakoaz gain, beste hainbat inbertsio egingo ditu Udalak, eta partida berriak ere sortu ditu, sail bakoitzean. Hirigintzan, proiektua idatziko dute, Santa Barbara harrobiaren prozesuan erabakitakoa gauzatzeko; eta Karabeleko aparkalekua egokituko dute, besteak beste. Mugikortasunean, Latsunbetik Sorgintxulorako bidegorri zatia egingo dute, etorkizunean Galarretarekin lotu nahi dutena. Landa garapenerako, landa bideetako inbertsioa bikoiztu dute (100.000 eurora), eta basoak garbitzeko lanetarako partida berria sortu (50.000 euro).
Zerbitzu Sozialetarako diru kopurua %8 haunditu da, «adineko pertsonei zuzendutako programak indartu eta eskaintza berriak egiteko»; partehartze ekimenetarako partida ere haunditu da (%17); eta berdin Hezkuntzan, ikastetxeetan lantzen diren hezkuntza programetarako partida (%24), etorkinen integraziorako programa berria jaso baitute.
Kulturari dagokionez, aire egokitua jarriko dute musika eskolan; liburuak kalean eta automailegu zerbitzu berriak liburutegian; eta Biterin obrak ere egingo dituzte, energia aurrezteko eta zarata murrizteko. Eta azkenik, Jarduera Fisikoa eta Kirola sailean, %9 haunditu dute kiroldegirako partida, aurreikusitako inbertsioak gauzatzeko (makina eta tresna berriak...); eta kirol sustapenerako partida %35 haunditu da: klubentzako dirulaguntzak, eskola kirola, kirol ekintza berriak edota kirolean berdintasuna sustatzeko programa.
«Beti zentratzen gara inbertsioetan, baina aurrekontuaren zati inportante bat bideratzen da dirulaguntza eta ekarpernetara, herria bizirik mantentzeko. Eragile pila bat daude, eta hori oso inportantea da guretzat. Hernani oso herri bizia da, eta gure ustez, Udalaren funtzio eta lanetako bat da eragile horiei bere jarduera erraztea», dio Intxauspek.
Edonola ere, nabarmendu du Zerbitzu Sozialena izaten dela partida inportanteena: «behar sozialak gero eta haundiagoak dira, eta urtetik urtera haunditzen den partida bat da. Adineko pertsonekin lanketa berezi bat egin dugu azkeneko urteotan; auzoetan tailerrak martxan jartzen ari dira, eta horretarako teknikari bat kontratatu da; eta etxez etxeko zerbitzuaren eskaera gero eta haundiagoa da. Horregatik da inportantea Zerbitzu Sozialen arlora diru kopuru hori bideratzea».
Udal Gobernua: «eskertzekoa da PSE-EEren jarrera; EAJk, berriz, ez du lanketarik erakutsi»
Oposizioko hiru alderdiek Udal Aurrekontuen kontra bozkatu arren, PSE-EEren jarrera eskertu nahi izan du alkateak: «eskertzekoa da, oposizioko edozein alderdik, emendakin partzialak egiteaz aparte, gurekin eseri eta hitz egiteko asmoa azaltzea. Bildu ginen eta ikusi genuen zein ziren negoziagarriak. Azkenean kontra bozkatu dute, baina beraien bi proposamen txertatu ditugu. EAJk, ordea, urtero ia osoko zuzenketa bera aurkeztu du, eta ez dute bilerarik eskatu lau urtetan. Horrek erakusten du, ez dagoela inongo lanketarik eta borondaterik», adierazi du.
EAJ: «ezohiko sarrerekin, askoz ere gehiago inbertituko genuen hernaniarren oraina eta etorkizuna hobetzeko»
Hernaniko EAJ-PNVk azaldu du, bere aldetik, aurrekontu proposamena jaso zutenean galdetu zutela, posible ote zen bi gairen inguruan negoziatzea: Atez Atekoa eta Aurrekontuaren Exekuzio Araua. «Bietan ezezkoa jaso genuen, eta beraz, diferentzia gehien daukagun bi gaiak direnez, osoko zuzenketa aurkeztea erabaki genuen», diote.
«Urtero urtero, oso antzeko aurrekontuak aurkezten ditu EH Bilduk, zifra batzuk besterik ez dira aldatzen. Dirulaguntza bat haunditu hemen, beste eragile batentzat laguntzatxo bat han... Baina zerbait ezberdinean inbertitu, ezertxo ere ez», kritikatu du.
Horrela, nabarmendu du «historiako aurrekontu haundiena» dela, eta «berdin» jarraitzen dutela: «Atez Atekoaren gastua haunditu da, 1.840.000 eurora iritsita. Aholkulariak mantendu dituzte. Ez dute pentsatu Gudarien Plaza hobetzea. Dirutza gastatuko da gure konpetentziakoak ez diren azpiegiturak eta industria eremuak garatzen, eta aldiz, ez dugu inbertituko Orona-Galarreta eta Estubegiko eremuak garatzen; azkeneko hori, duela 10 urtetik dago prest. Herritarrak engantxatzen ez dituen partehartze sistemarekin jarraituko dugu. Ez daukagu konfiantzarik Karabeleko aparkalekua haunditzeko proposamenean. Trafiko aldaketen proposamenik ere ez da jaso aurrekontuetan, Hernaniko sarrera-irteerak hobetzeko. Ez dago planik komertzio txikia indartzeko, eta Wukrora bideratutako diru partida txikitu da, EH Bilduk ez daukalako asmorik bertara joateko 2019an».
EAJk kritikatu du, bestalde, EH Bilduren kudeketa modeloa: «informaziorik ez dugu jasotzen, trabak jartzen dizkigute etengabe, ez da oposizioko inor liberatzen legeak derrigortu ezean, prentsari informatzen diote herritarren ordezkariei baino lehen... Sistema zaharkitu bat da, etengabeko gatazka eragiten duena».
EAJ: «urtero antzeko aurrekontuak aurkezten dituzte, zifra batzuk besterik ez dira aldatzen»
Azkenik, EAJk adierazi du, 2019an izango diren ezohiko sarrerekin, «askoz ere gehiago» inbertituko luketela, «hernaniarren oraina eta etorkizun hurbila hobetzeko». Eta datu batzuk eman ditu: «2006an, EAJk koalizioan gobernatuz eta 24.888.000 euroko aurrekontuaz, 4.907.215 euro erabili ziren inbertsiotarako. 2019an, 32.319.683 euroko aurrekontuarekin, 4.770.729 euro inbertituko ditu EH Bilduk».
Orain Hernani: «Gobernu Talde hau ez da gai, bere aurrekontuak gauzatzeko; konfiantza galdu dugu»
Bere kontrako botoaren arrazoiak azaldu nahi izan ditu Orain Hernanik ere: «gure jarrera aldatuz joan da urtez urte. 2016an alde bozkatu genuen, EH Bilduk gure zuzenketa partzialak kontuan izan ondoren; baina 2017an abstenitu egin ginen, aurreko urteko proposamenak ez zirelako gauzatu. Gainera, ikusi ge-nuen Gobernu Taldea prest zegoela gure proposamenak onartzeko berriro, horiek ia ulertu ere egin gabe, gure baiezko botoa lortzeko besterik ez. Aurten kontra bozkatzea erabaki dugu, Gobernu Talde honengan konfiantza galdu dugulako. Uste dugu ez direla gai beraien aurrekontuak aurrera eraman eta kudeatzeko», diote.
Azaldu dute, gainera, lau urtetan gehien aztertu dituzten aurrekontuak izan direla; «eta hausnarketa sakon baten ondoren, kontrako botoa eman dugu, bi arrazoirengatik: Udal Gobernuak kudeaketarako daukan erantzukizun falta, eta herritarrekiko daukagun ardura. Uste dugu hau ez dela herri bat kudeatzeko modua. Ez daukate gogorik elkarlanean aritzeko, eta ez da batere erraza izan Udal Gobernu honekin lan egitea. Proiektu politikorik ez daukate Hernanirentzako; ez dago helbururik, ezta lehentasunik, eta noraezean ari dira».
Orain Hernanik nabarmendu du, bereziki Zerbitzu Publikoetan eta Hirigintza eta Ingurumen sailean daudela kudeaketa arazoak: «ezin dugu ulertu legegintzaldi honetan Zerbitzu Publikoen lau batzorde bakarrik egin izana, gainerako Udal Taldeok etengabeko kexak jasotzen ditugunean garbitasun falta, argiteria, lorezaintza eta arratoi ugaritzeagatik».
Orain Hernani: «hau ez da herri bat kudeatzeko modua; ez daukate gogorik elkarlanean aritzeko»
Eraginkortasun falta salatzeko, datuak eman ditu Orain Hernanik: «Zerbitzu Publikoetan eta Hirigintzan, jasota zeuden 998.000 euroetatik 42.000 euro bakarrik erabili dira; garbiketa zerbitzua Udalak bere gain hartu ondoren, ez da hobekuntzarik nabaritu; hilerrian hobekuntzak egiteko 79.000 euro zeuden 2018an, baina bat bera ere ez da gastatu, eta ez dago partidarik 2019an; 2016tik, Erabaki Hernaniko 1.018.000 euroetatik 279.000 euro bakarrik gauzatu dira; parke eta lorategien hobekuntzarako, 45.000 euro aurreikusi ziren 2018an, eta 4.500 euro erabili dira; Zinkoeneako iturriak lau urte daramazki trabatuta...».
PSE-EE: «akordioen alde azaldu gara beti, baina ez edozein preziotan»
Hernaniko PSE-EEk, azkenik, nabarmendu du kontrajarriak direla bere modeloa eta EH Bilduk defendatzen duena: «erabateko desadostasuna daukagu beraien programarekin, eta horregatik aurkeztu genuen osoko zuzenketa, beste 20 zuzenketa partzialekin batera, erakutsiz beste aurrekontu bat posible dela, eta baita Hernanirentzako beste proiektu bat ere».
PSE-EEk kritikatu du, Atez Atekoa edota Udalbiltza eta Harrera Elkartearentzako dirulaguntzak mantentzen dituen bitartean, EH Bilduk ez duela gehiago inbertitzen zerbitzu publikoetan, «kale garbiketan, herri barruko autobusean, Udaltzaingoan edota Herritarren Harrera Zerbitzuan, esaterako». Galarreta garatzeko partidak «aldaketarik gabe mantentzearen kontra» ere azaldu da: «bitartean, industriagune fantasmak dauzkagu, Orona edo Estubegi bezala». Horregatik, diote «bere aldekoen mesederako» aurrekontuak egin dituela EH Bilduk, «herritarren guztien kolektiboa kontutan hartu gabe».
«Beti azaldu gara akordioen eta elkar ulertzearen alde, baina ez edozein preziotan. Negoziaketetan, EH Bilduk eskatu zigun osoko zuzenketa kentzea eta aurrekontuen alde bozkatzea, zuzenketa partzial gutxi batzuk bozkatzearen truke. Guk ezin diogu uko egin gure proiektu politikoari, beste aldeak bere lerro gorriak mugitu gabe mantentzen dituen bitartean», azaldu du PSE-EEk. Horregatik, osoko zuzenketa zein partzialak mantendu zituzten.
PSE-EE: «ezin diogu uko egin gure proiektu politikoari, beraiek lerro gorriak mugitu gabe»
Era berean, zuzenketa partzial batzuetan «sintonia» egon den arren, kritikatu du «nola tratatu dituen EH Bilduk horietako batzuk. Pentsatu dute interesgarria dela aurrekontuetan txertatzea, baina ez gaude batere ados, horiek gauzatu nahi dituzten moduarekin. Esaterako, Karabeleko aparkalekurako partida haunditzeko proposamena atzera bota dute, eta gainera, murriztu egin dute EH Bilduren 40.000 euroko emendakinagatik; baina konpentsatu nahi dute, Erabaki Hernanin jasotako partidarekin».
2019ko UDAL AURREKONTUA: 32.319.683 euro
- Galarreta-06-urbanizazioa: 1.577.699 euro
- Galarreta sistema orokorra: 1.198.530 euro
- Hernani Erabaki inbertsioak: 500.000 euro
- Biteri Kultur Etxearen hobekuntzak: 200.000 euro
- Ikastetxeetako inbertsioak: 150.000 euro
- Planeamendua-dokumentu teknikoak: 150.000 euro
- Landa bideak: 100.000 euro
- Kirol jarduerak: 100.000 euro
- Kamioia-hondakin organikoak: 100.000 euro
- Latsunbe-Sorgintxulo oinezkoen bidea: 100.000 euro
- Karabel aparkalekua: 100.000 euro
- Irisgarritasun obrak: 75.000 euro
- Energia plana: jarduketak: 75.000 euro
- Inbertsioak-saneamendua: 75.000 euro
- Inbertsioak-ur hornidura: 50.000 euro
- Funts bibliografikoa: 44.000 euro
- Musika Eskola-aire egokitua: 40.200 euro
- Liburuak kalean: 30.000 euro
- Informazio-prozesuetarako ekipoak: 25.000 euro
- Santa Barbara harrobia: 25.000 euro
- Udaltzaingoa-ibilgailuak: 15.000 euro
- Trafiko kamerak berritzea: 15.000 euro
- Kale altzariak: 10.000 euro
- Bulego altzariak: 6.000 euro