Ttarla dantza taldeak aurten ere laguntza emango die Olentzero eta Mari Domingiri, Gabon gauean. Lan asko izaten dute opariak banatzeko, eta Ttarlaren bitartez oharra bidali nahi izan die hernaniarrei Olentzerok, jakinarazteko 18:00ak aldera iritsiko dela herrira, eta 19:00ak inguruan jarriko dela udaletxeko arkupetan, 20:30ak arte esktuitz eta muxuak jasotzeko. Ondoren, etxez etxe opari guztiak garaiz banatzeko alde egin beharko du.
Denekin egoteko denborarik ez badu izaten ere, denekin gogoratzen dela azpimarratu nahi izan du: «Urtero bezala aurtengoan ere heldu zaizkigu abenduko hotz eta euriak. Horiekin batera Gabonetako jaiak ate joka dauzkagu, eta lanez gainezka banabil ere, ez dut zuekin 24an dudan zita ahazten!
Arratseko 18:00tan herriko dantzari eta musikarien konpainian Hernaniko kaleetan zehar ibiliko naiz, eta ondoren, 19:00ak aldera udaletxeko arkupeetan zuen gutun eta muxu guztiak jasotzeko tartea izango dut.
Badakizue Euskal Herriko etxe guztietara heldu beharrean izaten naizela 24 gauealdean, eta guztia ongi atera dadin, aurtengo honetan ere ez naiz berandu arte geratuko udaletxeko arkupeetan. Jende askok nirekin egon nahi izaten duzue egun berezi horretan, nik ere zuek guztiokin egon nahiko nuke. Beraz, jakin dezazuen, 20:30ak arte egongo naiz bertan zuen esperoan.
Laster arte Hernani eta ongi izan!».