Binakako final haundia gaur jokatuko da Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 29a, 01:00

binakako Txapelketaren final haundia jokatuko da gaur, arra­tsaldeko 16:00etan hasiko den jaialdian, Galarretan. Fi­na­­la bera 17:00etan hasiko da eta bertan Juanenea-Endika, Uterga-Azpirozen aurka lehiatuko dira. Bi txapelen bila, lau erremontista urteko binakako txapelketarik garrantzitsuenean. 

Uterga eta Endikak badakite zer den txapela irabaztea, elkarrekin ere irabazi bait zuten orain bi urte, baina aurten bata bestearen aurka lehiatuko dira eta hori ere ez da berria. 2013an eta 2017an ere bata bestearen kontra aritutakoak dira eta. 

Uterga eta Azpirozek 40-38 irabazi zieten Juanenea eta Endikari ligaxkan

Bestetik, Juanenea eta Azpirozentzako lehendabiziko finala da. Bai bat, eta bai bestea lehenengo aldiz aritu dira txapelketan eta emaitzak orain arte ezin hobeak izan dituzte.  

Utergaren laugarren finala da eta orain arte aurretik jokatutako hirurak ditu irabaziak; Ion, Endika eta Etxeberria III.arekin. Endikaren bosgarren finala da eta bi ditu irabaziak; Ezkurra eta Utergarekin, eta beste bi galdu zituen Urriza eta Ezkurra II.arekin.

Nafarrak dira lau finalistak, gainera; pasa den urtean bezala eta aurretik 2008raino joan behar da berriz lau nafar finalean aurkitzeko.

Pelota desberdinak
Finalerako nahi zuten mate­ria­la aurkitu zuten lau erre­mon­tistek, pelota aukeraketan; eta «pozik» geratu ziren. Pelota bi­ziagoak aukeratu zituzten Juanenea eta Endikak, Utergak aukera gutxiago izan dezan jokoan sartzeko. Bes­tetik, Uterga eta Azpirozek lau pelota motelagoak aukeratu zituzten. «Ikuskizunerako ez dira politak, baina finalak irabazteko dira» azpimarratu zu­en Utergak.

Gainera bien arteko partiduak ireki zuen txapelketa azaroaren lehenengo egunetan. Orduan, ligaxkan, Uterga eta Azpirozek 40-38 irabazi zuten, baina atzetik joan eta gero partiduan zehar. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!