Aisialdi gune bilakatu nahi du Hernaniko Udalak, Santa Barbarako harrobia. Baina harrobia bera bakarrik ez, inguruko zonalde gehiago ere egokituko dituzte, horretarako. Horietako bat da lakua, Santa Barbara auzotik Elutxetara bidean dagoena: garbitu egingo dute, eta piszina natural bat izan dadin prestatu. Jakinarazi dutenez, udarako aisialdirako toki aproposa izango da, eta txirristrak eta tranpolinak jarriko dituzte; baita belazean toki bat prestatu ere, sonbrillekin.
Garbiketa lanak laster hasiko dituzte, eta bi fasetan egingo dira. Aurrena, lakuan dauden hondakinak aterako dituzte; eta ondoren, ura desinfektatu eta tratatu egingo dute. Bi fase horien aurretik, dena den, bertan aspaldidanik dagoen gurpilaren jabeari, erregutu diote bertatik pasa dadila eta jaso dezala.
Garbiketa lanak bukatuta, bertako faunaren azterketa egingo dute; eta ondoren hasiko da, piszina naturala osatuko duten elementuen aukeraketa, bozketa bidez: herritarrek aukeratuko dute, nolako txirristrak, tranpolinak eta sonbrillak nahi dituzten.