Gabonetako ekintza bereziekin hasi zuen urtea, Astigarragako Gazte Lokalak. Eta orain, berriro martxa hartuta, egitaraua eman dute aditzera, urtarrileko azkeneko hiru asteetarako ere.
Asteartetik ostiralera, lagunki egingo dute, ohi bezala. Eta asteburuetarako, zita bereziak prestatu dituzte. Hasteko, bi joku egingo dituzte asteburu honetan: Hitz Pasa lehiaketan ariko dira gaur, eta Euskal Monopolyarekin bihar.
Datorren asteburuan, sukaldaritza landuko dute larunbatean; eta eskulanetan murgilduko dira igandean.
Eta hila borobiltzeko, Txuri Urdinera irteera egingo dute urtarrilaren 26an, patinatzera. Hurrengo egunean, azkenik, bolo txapelketa izango da.