Ez dira gutxi Hernanin, Gabonetako oporraldiaz gozatzeko aukerak. Atzo zabaldu zuten ludoteka kiroldegian, eta gaur eta bihar ere egongo da, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Bi pistatan jarri dute, eta kirolerako zein jolaserako aukera dago horietan: jokuak, eskalada, ohe elastikoak, slackline...
Ordu jakin batzuetan, gainera, ekintza gidatuak antolatu dituzte. Gaur, indoor walking saioa egingo dute 10:30etan, eta zumba 11:30etan. Eta bihar, 10:30etan egingo dute zumba, eta 11:30etan spinning saioa.
Iturritxo elkartean ere izango da jolaserako aukera, gaur goizean. Haur txokoak egingo dituzte, 11:00etatik 13:00etara.
Zirku tailerra, eskalada eta ping-pong, Gaztelekuak
Gaztelekuak ere antolatu ditu hiru saio, gaur, bihar eta etzi. Zirku tailerra egingo dute gaurkoan, Biterin, 17:00etan hasita. Bihar, eskalada egingo dute Gaztelekuan bertan, 10:30etan. Eta larunbatean, ping-pong txapelketa jokatuko dute, Gaztelekuan hori ere.
Bihar arratsaldean, berriz, haurrentzako antzerki saioa izango da Biterin: Blowing antzezlan dantzatua eskainiko du Bacum Múcab Dans talde kataluniarrak, 18:00etan hasita. Sarrerak salgai daude, Biterin bertan, 3 euroan.
Haur Parke Solidarioa, larunbatean kiroldegian
Jolaserako tartea izango da kiroldegiko frontoian, larunbatean ere. Izan ere, Haur Parke Solidarioa antolatu dute, goizez (10:00-13:30) zein arratsaldez (16:00-19:30). 3 euro izango dira sarrera, Lesboseko haur errefuxiatuei laguntzeko.