Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoen etorrerak itxiko ditu, beste urte batez, Gabonak, baita Goizuetan ere. Horiei ongietorria eginen diete, opariak utzi aurretik, Guraso Elkarteak antolatuta. Kabalgata, 18:00etan hasiko da.
Egun berezia izaten da Errege bezpera txikienentzat eta oso polita gainontzeko guztientzat ere. Herriko plazara hurbilduko dira betiko ohitura jarraituz eta kale nagusiak zeharkatu eta gero, eguraldi ona bada behintzat plazara joko dute. Txarra eginez gero berriz, pilotalekuan izanen dira denontzat opariak banatzen.
Ohi bezala, emozioz beteriko kabalgata izango da eta Erregek agurtu egingo dituzte goizuetar guztiek. Hori bai, gogoan izan, aurretik oinatekoak etxean uztea eta leihoa irekita, ardo goxoa ondoan utziz seguruenik ere etxeetatik pasako baitira eta han ere zerbait izango da txikienentzat!.