Legorburuk eta Sanz-Azkuek saria, Bordari eta Satarka lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 26a, 01:00

35garren edizioa zuen aurtengoa, Hondarribiako Bordari eta Satarka literatura lehiaketak. Abenduaren 15ean banatu zituzten sariak, eta horietako hiru, bi hernaniarrentzat izan ziren: Iñigo Legorburu eta Iña­ki Sanz-Azkuerentzat.
Satarka poesia lehiaketan nagusitu da Legorburu, Poema konfabulatuak lanarekin; eta honekin, bost urtez jarraian lortu du sari nagusia. «Umeen ipuinetako pertsonaiekin fabu­latu dut, Hansel eta Gretel, Gu­lliver, Txanogorritxu eta beste hainbat; eta etorkizun distopiko batean txertatu ditut, errea­litatea eta fikzioa nahastuz», azaldu du Legorburuk. 800 eu­roko saria, oroigarria eta poemen argi­tarapena lortu ditu.
Sanz-Azkuek, berriz, bi sari jaso ditu, Bordari ipuin lehiaketan. Bigarren sari nagusia eskuratu du berak, eta horrekin batera, Hondarribiako one­naren saria, bertan bizi baita hernaniarra. Kontrolpean izeneko lana aurkeztu zuen, eta kontatzen ditu, genetikaren munduko gizonezko katedradun baten gorabeherak: «sa­gar­­doaren munduan dabilen bes­te gizon batekin oheratuko da, eta horren ondoren, bere bi­zi­tzaren kontrola eta deskontrola nola kudeatu behar dituen ikasi beharko du, bere argilun guztiekin», azaldu du egileak. 400 euroko bi sari lortu ditu, beste bi oroigarri, eta bere la­na ere argitaratuko dute, Legor­bu­ru eta beste sarituenekin batera. Guztira, 41 lan aurkeztu zituzten lehiaketara: 22 poe­sian, eta 19 narratiban.

Legorbururi beste sari bat, Gasteizko Afro elkarteak
Egun horretan bertan, beste sari bat ere jaso zuen Legor­buruk berak, Gasteizen, Afro elkartearen eskutik, etorkin afroamerikarren bilgune dena. Narrazio lehiaketako bigarren saria eskuratu du Legorburuk. Emakumea eta migrazioa izan da aurtengo gaia, eta Bidean lana aurkeztu zuen hernaniarrak, Brasiletik Euskal Herrira emigratu behar duen emakume baten kasua landuz, hemen operatu dezaten. Identitate se­xuala eta lan arloa uztartzen ditu narrazioak.
Bigarren postu horrekin, 250 euroko diru saria jaso du Legorburuk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!