aurreko astean eman zen jakitera Gartziategi sagardotegian izango dela 2019ko Sagardo Berriaren Eguneko, hau da, txotx denboraldi berriaren irekierako bazkaria.
Bertaratzeko aukera luzatu diete, aurrenekoz, herritarrei. «EH Bilduren ekimenez» izan dela adierazi du koalizio abertzalearen Astigarragako taldeak: «2018koa, Sagardo Berriaren Egunaren 25. urteurrena zela aprobetxatuz, EH Bilduk herritarren artean bazkarira joateko sarrerak zozketatzea proposatu zuen».
EH Bilduk egindako proposamena,
«Sagarduneko kideek, sagardogile zein eragileek, begi onez ikusi zuten»
Proposamen hori, «Sagarduneko (Sagardo Berriaren Eguna antolatzen duen partzuergoak) kideek, sagardogile zein eragileek, begi onez ikusi zuten». Diotenez, «2018an ez zen posible izan, baina 2019an 10 astigartarrek (5 sarrera bikoitzi esker) Sagardo Berriaren Eguneko bazkarian parte-hartzeko aukera izango dute».
Proposamena luzatu zuen EH Bilduk «herritar askok» eskatu izan dutelako «Sagardo Berriaren Eguneko bazkarian parte-hartzeko aukera». Eta are herritarragoa izaten saiatuko dira: «Jai honetan herritarren parte-hartzea areagotzeko lanean jarraituko du aurrerantzean ere». Eta horretarako, «EH Bilduk proposamenak eraikitzaileak egiteari ez dio uko egingo».
Aukera, urtarrilaren 6ra arte
Hain zuzen, Sagardo Berriaren Egunean egon nahi dutenek, urtarrilaren 6ra arte izango dute aukera, parte hartzeko. Horretarako, Sagardoetxera jo beharko dute: bertaratuz (kultur etxearen ondoan dago); telefonoz, 943 550 575; edo emailez, info@sagardoarenlurraldea.eus.