Aurrerapausoa egingo du Kronikak Astigarragan, hurrengo astetik aurrera. 2019 urte berriarekin batera, aleak bateratu eta egunero jasoko dute astigartarrek Kronika, ohiko banaketa-puntuetan, ez asteazken eta larunbatetan, bakarrik, orain arte gertatu den bezala.
Urtarrilaren 2tik aurrera, bertako albisteak, Urumea bailarako gainontzeko herrietako berriekin batera irakurri ahal izango dira bailara osoan, egunero: Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun, Aranon eta Goizuetan.
Baita interneten ere, ohiko helbidean: www.kronika.eus.
2014 urtetik, Astigarragan
Duela ia bost urte, 2014ko otsailaren 26an iritsi zen Kronikaren aurreneko alea Astigarragara, bertako alearekin, eta martxoaren 1ean jaso zuten astigartarrek aurreneko Urumeako Kronika. Urte berriarekin, 2014an emandako pauso hori berretsi nahi du Kronikak.