Badira 32 urte, Lete loteria administrazioa jarri zutela martxan, Hernanin. Eta familian eraman dute, 1986 urtean zabaldu zutenetik. Kontxi Begiristainek, Jose Antonio Zarragak eta Mila Perezek hartzen dituzte, besteak beste, Gabonetako loteriaren bila hurbiltzen direnak. Aurreneko saria banatzea dute ilusioa.
Gertu dago Gabonetako loteriaren zozketa, baina aspaldi hasiko zineten zenbakiak saltzen, ezta?
Udarako oporretatik bueltan, hasten da pixkanaka pixkanaka Gabonetako loteria saltzen, baina orain da garaia bereziki. Jendeak azaroan eta abenduan erosten du gehien. Hala ere, lehenago ere mugitzen dira loteriarekin; kanpora dijoazenean, hara eramateko erosten dute, edota handik ere ekartzen dute… Hori da loteriaren jokua.
Batzuk berehala etortzen dira loteria erostera, zenbakia bukatuko den beldurrez; eta beste batzuk, berriz, bukatu ondoren etortzen dira, oraindik egongo delakoan, nahi zutela esanez; bukaerara arte itxaron, eta gero penarekin geratu. Denetik dago. Baina normalean, zenbaki jakinen bat lortu nahi dutenak, denborarekin etortzen dira.
Zenbakia buruan dutela etortzen zaizkizue?
Batzuk bai, aurrez erabakita daukate nahi duten zenbakia: badira urtero urtero zenbaki bera eskatzen dutenak; are gehiago, astero zenbaki berarekin jokatzen dutenak ere bai. Eta esanahi bereziren bat duten zenbakiak ere eskatzen dituzte. Orain aukera dagoenez nahi duzun zenbakia eskatzeko, datei dagozkienak eskatzen dituzte, adibidez: haur bat jaio zen eguna, edo ezkontzaren eguna… Data zenbakian kabitzen bada behintzat, hori eskatzen dute. Beti ezin izaten dira lortu, hala ere. Batzuk bai, baina beste asko dagoeneko paperean eginda daude, eta beste puntu batzuetan daude salgai. Guri ere deitu izan digute, esanez guk daukagula, beraien alaba jaio zen egunari dagokion zenbakia, eta nahi dutela. Zenbakiren batekin amets egin duenik ere bada…
Eta hemen izaten dituzuen zenbakien artean, zein izaten dituzte gustukoen?
Gustuak askotarikoak dira, jendearen artean. Batek esaten dizu zein zenbaki itsusia, eta hurrengoa sartu eta hara zein polita! esango dizu. Oso subjektiboa da hori. Egia da, zero asko dauzkaten zenbakiak ez direla begietatik ondo sartzen normalean; baina batenbati ondo sartuz gero, zuzenean esango dizu hori emateko, eta hark ere baditu begiak! Azkenean, denak sartuko dira bonboan.
Gabonetako loterian jokatzeari ez diote uzten?
Ez, Gabonetako loteria berdintsu mantendu da azkeneko urteotan, ez da modaz pasatzen. Egia da, akaso ezberdina dela adinaren arabera. Gazteek bere zenbakiarekin jokatzen dute, bere koadrila edo tabernako zenbakiarekin alegia. Eta helduak bai, etortzen dira zenbaki bat erosi eta jokatzera.
Nolakoa izaten da azkeneko astea?
Azkeneko egunak nahiko lasaiak izaten dira salmenta aldetik, jendeak dagoeneko izaten du berea normalean. Guretzako bai izaten direla mugituagoak barruan, dena prest edukitzeko, zozketa egunerako.
Eta egunean bertan?
Ilusio haundiarekin. Pantailan jarrita edukitzen dugu zozketa zuzenean, eta hementxe egoten gara begirada kendu gabe, paperak eskutan ditugula, zenbaki guztiak listan jarrita. Ilusioarekin, azken batean hori delako loteria, ilusioa. Egun polita izaten da.
Poza ematen du sariak banatzeak, ezta?
Jokatutakoa errekuperatze hutsak ematen du poza. Baina banatzen badituzu 100 eurotik gorako sariak eta kolektibo haundi bati, denak 100 euro patrikan dituztela, ikusten duzu nola hartzen duten poza. Jasotzen duzun guztia da pozgarria.
Duela bi urte, bigarren saria banatu genuen hemen. Sekulako poza izan zen, baina horrekin batera, agobio puntu bat ere bai, hasieran. Asimilatzeko ia denborarik gabe, dena oso azkar gertatu zen. Berehala zegoen jendea kanpoan jarrita, etorri ziren Donostiako telebista, Euskal Telebista, irratitik deitu ziguten… Apaintzeko denborarik ez… badaezpada ere etxetik apainduta etorri behar! Eta txanpainak eta horrelakoak prest eduki.
Eta aurten…
Berriro hemen tokatuko den ilusioarekin gaude. Motorrak berotuta dauzkagu orain bi urteko bigarren sariarekin, eta ea aurten lehenengoa lortzen dugun. Beti pentsatzen duzu, ederra litzatekela hemen banatzea, kolektibo haundi bati; enpresa bati edo taberna bati, askok erosiko dutena. Herrian geratu dadila sari potoloa. Norabait joan behar da, eta hona etortzen bada hobe!