Bizkarrean hartuta, herriko txoko guztietara eramango dute gaurkoan Olentzero hainbat taldek, etxez etxeko errondetako kantuak lagun.
Ereñotzuko Txirrita eskolakoak izango dira goiztiarrenak, 09:15etan aterako baitira. Segidan, gainontzeko ikastetxeetako ikasleak eta Goiz Eguzki abesbatza aterako dira goizean, eta eguerdiko 15:30etan, bertso eskolako kideak.
Olentzerorekin egoteko tartea, 20:30ak arte
Olentzero, arratsaldeko 18:00etan iritsiko da, eta oharra ere bidali die hernaniarrei, Ttarla dantza taldearen bitartez. «Gabonetako jaiak ate joka dauzkagu, eta lanez gainezka banabil ere, ez dut zuekin 24an dudan zita ahazten!
Arratsaldeko 18:00tan herriko dantzari eta musikariekin Hernaniko kaleetan zehar ibiliko naiz, eta ondoren, 19:00ak aldera udaletxeko arkupeetan zuen gutun eta muxu guztiak jasotzeko tartea izango dut. Badakizue Euskal Herriko etxe guztietara heldu beharrean izaten naizela 24 gaualdean, eta guztia ondo atera dadin, aurtengo honetan ere ez naiz berandu arte geratuko udaletxeko arkupeetan. Jende askok nirekin egon nahi izaten duzue egun berezi honetan, nik ere zuek guztiokin egon nahiko nuke. Beraz, jakin dezazuen, 20:30ak arte egongo naiz bertan zuen esperoan.
Laster arte Hernani eta ondo izan!».
Musika Banda ere, errondan
Olentzero agurtuta, 20:00etan Musika Banda aterako da, urteroko gabon errondan.
Eta musikak Gabonetan ere etenik ez duenez, Errege Kabalgatan jarri du zita Bandak, hurrena. Goiz Eguzkik ere, urtarrilaren 3an egoitzan kantatuko duela iragarri du, 19:00etan.
GABON ERRONDAK
09:15, Gabon erronda Olentzerorekin Ereñotzuko Txirrita eskolatik aterata.
10:15, Gabon erronda Olentzerorekin Inmakulada ikastetxeak.
11:00, Goiz Eguzki abesbatzaren bisita Sandiusterrira, eta segidan kalejira.
11:00, Gabon erronda Olentzerorekin Langile ikastolak. Txantxilla plazatik atera eta Tilosetan bukatu.
11:45, Gabon erronda Oletzerorekin Elizatxo ikastolak; Elizatxo eta Portu auzoetan aurrena, eta Kaxkoan gero.
15:30, Gabon erronda baserriz baserri bertso eskolak, Biteritik aterata.
18:00, Olentzeroren etorrera eta kalejira, Ttarla dantza taldearekin.
20:00, Gabon gaueko erronda Hernaniko Musika Bandak, plazatik aterata.