Han eta hemen, etxe bakoitzeko ohiturak ez dira berdinak izaten, eta ezta Gabonetan ere. Jatetxeetan bazkaldu edo afaltzeko ohitura hartzen ari dira zenbait, baina oraindik ere gehiengoak etxeko epelean pasa nahi izaten ditu, familian bilduta, egun seinalatuenak.
Azken horien taldekoak dira Hernaniko Tripontzi jatetxekoak ere. Egun hauetan mugimendua nabari dutela aitortzen du Igor Muñoa sukaldariak. «Erosketetan dabil jendea, eta mugimendu asko nabaritzen da, batez ere, eguneko menuekin. Lan egiteko garaian nabari dugu. Baina Gabonetako egun seinalatuetan, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, itxi egiten dugu, familiarekin gozatu ahal izateko».
Hala ere, Gabon egunetarako aproposa izan daitekeen errezeta baten berri eman du, norberak etxean prestatu dezan: zurrukutuna. Bakailao eta baratxuri zopa honen osasun onurak ere azpimarratu ditu; Gabonetako gehiegizko jan-edanak eragin ditzakeen kalteak saihesteko ezinhobea!
Dena den, nork bere etxeko ohiturak izaten ditu, eta baliteke besteren batek zurrukutuna beste modu batera prestatzea. Edo Gabonetan, zurrukutunaren ordez bestelako jakiren bat prestatzeko ohitura izatea.
Izan ere, etxe bakoitzean desberdinak dira ohiturak, bai Euskal Herrikoetan, eta baita handik kanpokoetan ere!
ERREZETA: ZURRUKUTUNA
OSAGAIAK:
= 200 gramo xehatutako bakailao gatzagabetua
= Bezperako ogi barra erdia.
= 2 arrautza.
= 6 baratxuri ale.
= Goilarakada bat piperrauts (gozoa edo mina).
= 3 piper txorizero.
= 2 oilasko hezurdura.
= Pipermin erdia.
= Ura.
= Oliba olioa.
= Gatza.
= Perrexila.
ERREZETA:
= Piper txorizeroak uretan jarri 15-20 minutuz, biguntzeko. Haziak kendu, mamia atera eta gorde.
= Ogia xerratu eta labean xigortu bi aldetatik.
= Presio eltzean, litro eta erdi uretan jarri oilasko hezurdurak, perrexila eta gatza. Tapa jarri eta su baxuan eduki bost minutuz, balbula igoz geroztik. Salda iragazi eta gorde.
= Baratxuriak zuritu, xaflatan moztu eta kazuelan goritu oliba olio pixka batekin. Xigortutako ogia puskatu eskuekin eta gehitu. Era berean, gehitu piperrautsa, pipermina, bakailaoa eta salda. Su erdian eduki 15-20 minutuz, ogia puskatzeko eragin bitartean. Piper txorizeroen mamia gehitu eta nahastu.
= Irabiatu arrautzak ontzi batean, gehitu perrexila eta zurrukutuna dagoen ontzira bota. Nahastu, eta plater sakonean aurkeztu.
GOMENDIOA:
Bakailaoa gatzagabetzeko uretan sartu behar da azala gorantza daukala, eta 12 orduro aldatu behar zaio ura. Prozesua azkartzeko, bakailaoa zatitan moztu daiteke, eta uraren ordez esnea jarri, 24 ordu pasa ondoren.
Errezeta hau bereziki adinekoengan pentsatuta egindakoa da, zurrukutuna zopa nutritiboa baita, eta digestio errazekoa. Beraz, aproposa da oso, urdail delikatua dutenentzako.
Gomendagarria da adinekoek afaritan zopa hartzea, hidratazio maila egokiena mantentzeko modu erraza baita. Kontuan izan behar da adineko asko deshidratatu egiten direla, besteak beste, egarririk sentitzen ez dutelako edo edatean kontrako eztarrira joaten zaielako.