Uste baino azkarrago pasa da urtea, eta Euskara Ari Du elkarteak Baietz Hernanik! erronkari bukaera emateko festa antolatu du gaur, 12:30etan Biterin. Dena den, egitasmoak aurrera segiko duela iragarri du. Baina gaur, eskerrak emango zaizkie urte osoan zehar izena emandako 1.118 erronkalariri eta izenik eman gabe ere parte hartu duten herritarrei; «pozik gaude, mezua hernaniarrengana iritsi delako».
Magia, musika eta hamaiketakoa
Horrela, gaurko festa Miren Gojenolak zuzenduko du, eta Irati Sarasua eta Aitor Altuna izango ditu bidelagun aurkezle lanetan. Horrez gain, gure Zirkuko Asier Kidam magoa, Kilimak musika taldea eta Zigor DZ disko jartzaileak hartuko dute parte bertan.
Bukatzeko, hamaiketakoa ere jarriko da, eta herritar guztiak daude gonbidatuta.