Erremontea sustatzeko, lankidetza-hitzarmena sinatu zuen atzo, Galarreta kudeatzen duen Oriamendi 2010 enpresak, Hernaniko Udalarekin eta Kronikarekin. Helburua da, hernaniarren artean zabaltzea erremonterako afizioa, ikusle bezala, edo kirola praktikatzen.
Eta horretarako, batetik, deskontuak egingo dizkiete, Galarretako jaialdietarako sarreretan: hernaniarrek, erdi prezioan edo merkeago izango dituzte sarrerak, %50 eta %60 arteko deskontuarekin. Horretarako, nahikoa izango dute nortasun agiria erakustea, bertan Hernaniko helbidea ageri dela. Eta bestetik, haur eta gazteen artean, erremontearen praktika bultzatuko dute.
«Hernaniarroi dagokigu, kultur ondare berezi hau kontserbatu eta zabaltzea»
Luis Intxauspe alkateak adierazi zuen, «Hernaniko kultur ondare berezia» dela erremontea: «guri, hernaniarroi, dagokigu kontserbatzea eta zabaltzea. Udalak, konpromisoa hartu du erremontearen ezagutza eta, ahal bada, afizioa sustatzeko, bereziki haur eta gazteen artean». Horretarako, udal kirol udalekuetan eta Gaztelekuan aukera eskainiko diete, erremontea praktikatzeko.
Xabier Gonzalezek, Oriamendi 2010eko ordezkariak, azaldu zuen «Hernani eta erremontearen arteko lotura naturala» indartzea dutela helburu: «hain gertu egonda, ez dugu herriko inor utzi nahi gure kirolaz gozatzeko aukera gabe». Horregatik, hernaniar guztiei luzatu zien gonbitea: «Galarretara hurbil zaitezte, erremontea ezagutu, praktikatu eta gozatzeko», nabarmendu zuen. Eta hiru eragileen arteko elkarlana goraipatu zuen: «azken finean, Udala da herritarren ordezkaria; eta Kronika, jendartera iristeko medio zuzenena».
Azkenik, Leire Goñik, Kronikako ordezkariak, eskerrak eman zizkion Oriamendiri, beraiekin gogoratzeagatik: «Kronikaren oinarrizko helburuetako bat da herri kohesioan eragitea, eta horretarako, oinarrietako bat da gure ondarea. Bertako harribitxi bat da erremontea, eta garbi daukagu, ezagutzera eman behar dela, ezagutza horrek eragiten duelako maitatu, zaindu eta zabaltzea».
Hitzarmena sinatuta, erremontea sustatzeko konpromisoa hartu dute, hiru aldeek.
Erremontearen Eguna etzi, abiapuntua
Doako jaialdia izango da larunbatean: partidu bereziak, musika eta luntxa.
Hitzarmenak jasotzen dituen ekimenak, hernaniarrentzako deskontuak barne, etzi jarriko dira martxan, larunbatarekin. Izan ere, denboraldiari hasiera emateko, Erremontearen Eguna ospatuko dute, 16:30etan hasita, Galarretan. Sarrera, doakoa izango da, guztientzat.
Hiru partidu jokatuko dira. Aurrenekoaren ondoren emango diote saria B multzoko erremontista erregularrenari. Gero, estelarraren ondoren, A multzoko erregularrenari emango diote saria, eta Urrezko Erremontea ere banatuko dute, orduan. Eta musika eta dantza emanaldi berezi baten ondoren, partidu ezberdin bat jokatuko da; «inoiz ikusi ez den partidu bat».
Festa borobiltzeko, luntxa eskainiko dute, bertaratutako guztientzat. Zozketak ere izango dira, jaialdian zehar.