Urtea bukatu aurretik, azkeneko Plenoa egin zuten udal ordezkariek ostegunean, eta bertan onartu zen behin betiko 2019ko Udal Aurrekontua.
8.934.687,19 euroko aurrekontua izango du hurrengo urtean Astigarragako Udalak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoei esker.
EH Bilduk kontra bozkatu zuen: «hasierako onarpenean ere aurka bozkatu genuen gure emendakin gehienak ez direlako onartu», adierazi zuen Andoni Gartzia EH Bilduren bozeramaileak. Gainera, hainbat zalantza jarri zituen mahai gainean, kultura teknikariak egindako proposamenen gainean, horiek ez baitaude aurrekontuan, besteak beste, kultur etxeko alarma zerbitzua edota buruhaundien erosketa.
Justicia Poeticaren mozioaren ordez, adierazpen instituzionala
Dena den, aurrekontuen gaia ez zen Plenoak aztertu zuen aurrenekoa. Justicia Poetica Elkartearen mozioa izan zen hori; Kote Cabezudo delakoaren auziaren barruan, «biktimen aldamenean» jartzea eskatzen duen idatzia aurkeztu zuen bertaratutako herritar batek. Horren ordez, «Donostian aho batez adostutako adierazpen instituzionala» aurkeztu zuen udal gobernuak, Zorione Etxezarraga alkateak adierazi zuen bezala.
Eta hori izan zen, hain zuzen, onartu zutena.
Kote Cabezudo auziaren harira, Donostian adostutako adierazpena onartu zuten.
Aho batez, beste bi puntu
Ez zen, ordea, aho batez onartu zen kontu bakarra. Astigarragaren Udalaren ondasun eta eskubideen inbentarioko hiri-lurzatien (lursailak, berdeguneak, espazio libreak, plazak, aparkalekuak eta bide publikoak) epigrafeari dagokiona ere, halaxe onartu zuten. Horren arabera, fitxen zenbakiak aldatzea, hainbat plano aldatzea eta fitxa eta azpifitxa batzuk inbentarioan sartzea ahalbidetuko da.
Beste gaia, gizarte zerbitzuen batzordean adostutakoa da; hain zuzen, eguneko arreta zerbitzua eskaintzea adineko herritarrentzat. Zorione Etxezarraga alkateak azaldu zuenez, «asmoa da urtarrilean martxan jartzea zerbitzua; astean hiru egunetan eskainiko da, eta azpikontratazio bidez egingo da, Galtzaurren egoitzan».
EH Bilduko bozeramaileak kritikatu zuen: «guk nahi genuena zen zerbitzu osatuena izatea, eta ez da izango, udal gobernua berandu ibili delako».
Etxezarragak erantzun zion: «Galtzaurrek programa propioa dauka, eta horretan txertatu behar izan dugu».
Ordenantza aldatzeari abstentzioa, EH Bilduk
Eztabaida sortu zuen gairik ere izan zuten ostegunean. Hori izan zen, hain zuzen, Astigarragako udalerrian hots kutsaduraren aurka babesteko udal ordenantzaren aldaketarena.
EH Bilduk adierazi zuen «aztertu egin behar» dutela, eta horregatik, abstenitu egingo zirela. Izan ere, Gartziak azaldu zuenez, «uste dugu café para todos dela» (bakoitzari eskatutakoa ematea).
Aldaketa, beraz, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen.
Mozioak, onartuta
Hoi bezala, mozioak ere izan ziren, udal taldeek aurkeztutakoak. Bi EAJrenak: Astigarraga herri hezitzailea izateko eta Euskadi lagunkoia ekimenarena. Eta beste bi, EH Bildurenak: kalitatezko osasun zerbitzuaren alde eta Euskal errepublikaren eta monarkiaren abolizioaren aldekoa. Horiek guztiak onartu ziren, baina horietako batek eragin zuen eztabaida gehien, hau da, herri hezitzailearen gaiak.
Izan ere, Zorione Etxezarraga alkateak adierazi zuen, Astigarraga herri hezitzaile sarean sartu ondoren, «Hezkuntza Plan Estrategikoa egitea dela 2019ko asmoa».
Horren aurrean Gartziak erantzun zion: «etxea teilatutik egiten ari gara. Beste herrietan, aurretik lanketa edo proiektu bat egon denean sartu dira. Hau EAJren kanpaina da: ‘ez dugu ezer egin, baina herri hezitzailea gara’».