Aranoarrek ere eskaera, pediatria zerbitzua berrezartzeko Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 22a, 01:00

Pediatria zerbitzua berrezarri dezala eskatu diote goizuetarrek, azkeneko asteotan, Nafa­rroako Osasunbideari. Eta es­ka­era horri batu zaizkio aranoarrak ere: elkarretaratzea egin zuten aurreko igandean, Aranoko gurasoek eta haurrek bat eginda, aldarrikatzeko be­raiek ere behar dutela pediatria zerbitzua Goizuetara bueltatu dadila; «Aranotik 20 mi­nutura», alegia.

Izan ere, diote «otsailetik ordu eta 40 minutuko joan-etorria» egin behar dutela herriko familiek, Lei­tzan artatuak izateko. «Leitza eta Lekunberri artatuko dituen plaza bete den arren, Goizuetan ez da zerbi­tzua lehen bezala berrezarri, eta Aranoko familiak ere, Goi­zuetakoak bezalaxe, oraindik ere Leitzako osasun zentroraino joatera behartuta gaude, gure haurrak pediatra batek artatu ditzan».

«20 minutuko bidaia bada nahikoa, hain oinarrizko zerbitzua jasotzeko»
Gaineratu dute, Aranon inoiz ez dela pediatrarik izan, eta Goi­zuetan jaso izan dutela zerbi­tzua, astean behin, bi herrietako 100 bat haurrek. «Nafa­rro­an bezala, Estatu osoan ere arazoa omen da pediatra eskasia, eta arazo hori dela eta, zaila dirudi Goizuetara, eta are zailagoa Aranora, pediatra bat ekartzea. Baina hori horrela izanda ere, Aranoko familiek, Goizuetako protestak babestuz, eskatzen dugu pediatria zerbitzua Goizuetan mantentzea, 20 minutuko bidea bera badelako nahikoa denbora, hain oinarrizkoa den zerbitzu batera aukera duina izateko».

Nabarmendu du­te, gainera, errealitate ho­nen harira, Ara­nok Gipuz­koa­rekin duen gertutasunak beste errealitate bat ere azaleratu duela. Familia batzuek, Ara­no­ko Udalari es­ka­­tu diote negoziaketa bide bat ireki dezala Nafarroako Go­ber­nuko Osasun Zerbitzuarekin, «aukera izan dezaten, hala behar luketen familiek, Gipuz­koako anbulategietan pediatra espezializatea eskatzeko, gaur egun Osakidetza eta Osasunbi­dearen artean dagoen hitzarmenaren barruan». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!