Errege opilak eta Gabonetako argiak prest, ekintza sorta zabalari hasiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 22a, 01:00

Dena prest daukate Goizuetan, Gabonei hasiera emateko. Eta aurreneko ekintza berezia, bi­har bertan izango dute, elizan. Gabonetako kontzertua eskainiko dute bertan, herriko gaztetxoek eta Umore Ona abesbatzako kideek, kantuan, Her­na­niko Doinu Zale akordeoi ban­dak lagunduta. Eguerdiko 12:45etan izanen da hori, data  seinalatuei aurreneko nota eta doinuak jartzeko.

Behin giroa piztuta, astelehenean eginen du herrira bisita, urtero bezala, Olentzerok. Eta hiru bider eginen du kale buelta. Goi­ze­ko 11:00etan aterako da Xalto eskolako guraso eta ikasleekin, Gurasoak elkarteak antolatuta; eta herrian barrena ibili ondoren, Plazan bukatuko dute, salda hartu eta hamaiketakoa eginez.

Bazkalostean, berriz, presoen aldeko kale buelta eginen du Olentzerok, 15:00etan abiatuta, etxez etxe eta tabernaz taberna, iluntzera arte.
Eta azkenik, 18:00etan ospa­tuko dute Olentzero eta Mari Do­mingiren etorrera. Plazara iritsiko dira, eta kalejira eginen dute herrian barrena, fronto­ian bukatzeko. Bertan elkartuko dira haurrekin, haien gutunak jaso eta goxokiak banatzeko.
Errege Magoek, berriz, urta­rrilaren 5ean eginen dute bisita Goizuetara, Gurasoak elkarteak antolatuta. Arratsaldeko 18:00etan sartuko da kabalgata, herrian.

Baina Olentzero eta Errege Magoen artean, tailerrekin go­za­tzeko aukera izanen dute gaz­tetxo goizuetarrek. Bi saio eginen dituzte eskolan, 3-14 urtekoentzat: abenduaren 26an eta 27an, 10:00etatik 13:00etara. Hi­rugarren saio bat ere eginen du­te, Aranoko Maisuenean, 28an. Aurrez eman behar zen izena, tailerretan parte hartzeko.

17 lagun, errege opila egiten
Joan den larunbatean, berriz, sukaldaritza ikastaroa izan zen, Xalto eskolako jange­lan. 17 la­gun elkartu ziren, eta Cebank ostalaritza eskolako Bidatz Ba­rrenetxea hernaniarraren esku­tik, errege opila egiten ikasi zuten. Elkarrekin egin zituzten bi opil, natarekin eta kremarekin betetako bana: «oso goxoak atera dira biak!», nabarmendu zuten. Eta datorren urterako ere, ikastaroa errepikatzea es­katu zuten bertaratuek. 

Argiak jartzearen alde, bozkatu dutenen %82a
Baina opilak bakarrik ez, Ga­bo­netako argiak ere prest dauzkate Goizuetan. Aste honetan jarri dituzte, Udalak luzatutako inkestan, hala erabaki baitzu­en gehiengoak. Argiak jartzea nahi zuten edo ez galdetu zien herritarrei, eta 88 lagunek eran­tzun dute inkesta. Horietatik, 72 lagunek eman zuten baiezkoa (%81,8); 10 lagunek ezezkoa (%11,4); eta sei lagunek ber­din zaiela (%6,8). Hortaz, he­rri­tarrek hartutako erabakiari erantzunez, argiak jarri ditu Udalak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!