Ane Rodriguez Armendariz hernaniarra azken sei urteetan, Tabakalerako kultur zuzendaria izan da eta ostegunean iragarri zuen udaberrian utzi egingo duela kargua. Azken hilabeteotan, plan estrategiko berriaren lan ildo nagusiak definitu ditu Tabakalerak, eta horren ostean hartu du erabakia Rodriguezek.
Lehiaketa publikoa ordezkoa aukeratzeko
Haren ordezkoa aukeratzeko, lehiaketa publikoa jarriko dute martxan «datozen asteotan». Postuaren profila aurreikusitako jarduera planera egokituko duela iragarri du erakundeak.
Horrez gain, etorkizuneko kultur zuzendaritza indartu egingo du, eta hango kide izango dira Oier Etxeberria arte garaikidearen arloko arduraduna, Victor Iriarte zinema eta ikus-entzunezkoen arloko arduraduna eta Arantza Mariskal Tabakalerako sorkuntza liburutegiaren arduraduna.
Ane Rodriguezek kargua uztearekin batera, «etapa erabakigarri» bat itxiko du Tabakalerak, proiektua garatzeari eta martxan jartzeari lotutako etapa.
Tabakalerako kultur zuzendaria izan aurretik, Madrilgo ARCOn komisariotza programen eta nazioarteko galerian arduraduna izan zen Rodriguez (2006-2009); Gaztela eta Leongo Arte Garaikidearen Museoan koordinatzaile orokorra eta zuzendari ondokoa (2010); eta Matadero Madriden programazio taldean egon zen (2011-2012).