«Bertakotik eta sagastien kontroletik etorriko da aldaketa»

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 8a, 01:00

«Kanpainarekin ikusarazi nahi izan ditugu Euskal Sa­gardoak ematen dituen aukerak», azaldu du Unai Agirre, Euskal Sagardoa Jatorri Dei­tu­rako gerenteak. Irailean jarri zuten martxan, Astigarragan eta Hernanin, Euskal Sagardoa ezagutzera emateko Egin Zotz! kanpaina, eta datorren astean bukatuko da.
Afari maridatuak, azkenak, egingo dira batetik; astelehenean Astigarragako Gure Izarra elkartean, eta asteartean Her­na­niko Santa Barbara elkartean. Herriko ostalariekin batera, tabernetan egin diren Euskal pintxo-poteetan zozketatutako afariak irabazi dituztenek hartu ahal izango dute parte bertan, baina joango di­rela konfirmatu behar dute, 688 645 946 telefono zenbakian.
Bestetik, bukaera festak egin­go dira; abenduaren 14an As­­tigarragako Joseba Barandia­ran plazan, eta 15ean Her­na­niko Plaza Berrin, Euskal Sa­gar­doarekin batera, Euskal Txe­rri erre pintxoak dastatu ahal izango dira, 18:30etan hasita.

Kalitatea eta bertakoa, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren zigilua
Euskal Sagardoak ematen di­tuen aukera horiek zein diren azal­tzeko, Jatorri Deiturako sa­gardo honen ezaugarriak zein di­ren nabarmentzen du Agirrek.
Batetik, «ehuneko ehun bertako sagarrarekin egina» dela. Eus­kal Sagardoa Jatorri Dei­turak bertako 100 sagar mo­tatik gora ditu onartuak, nahiz eta gehienbat 24 erabiltzen diren: Errezila, Gezamiña, Goi­koetxe, Man­ttoni, Moko, Mo­zoloa, Pa­tzu­loa, Txalaka, Urdin, Urtebete, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki, Az­peiti Sagarra, Bos­kantoi, Hari­tza, Ibarra, Limoi, Me­rabi, Mi­ka­tza, Mokote, Sal­t­xipi, Txori Sa­garra, Udare Marroi eta Verde Agria.
«Bertako sagar motak eta  bertako sagastietan ekoitziak (Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban) erabiltzeak ematen dio sagardo bakoitzari izaera. Bakoitzaren heldutasunaren arabera ere ematen zaio gorputza. Eta horrekin denarekin lortzen da kalitatea».
Hain zuzen, kalitatea da Eus­­kal Sagardoaren beste ezau­­garria. Sagardoa egiteko era­bili den sagar mota eta sa­gastia hasieratik kontrola­tzeaz gain, Fraisoro Labora­te­gian ana­lizatzen dira, HAZI Funda­zioak zuzenduta, sagardo guztiak, eta horrez gain, dastatzaile panel bat ere pasa behar izaten dute, Euskal Sagardoa zigilua lortzeko.

«Argumentu garbiak dituen Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren proiektu honek sektorea elkartu du»

Botilan edo kupeletik desberdin, sagardoa
Zigilu hori botilako sagardoari jartzen zaio. Egin Zotz! kanpainaren helburua izan da, baita ere, «botilako sagardoaren presentzia aldarrikatzea». Horre­ga­tik egin dituzte hainbat afari maridatu, hain zuzen, Euskal Sagardoak aukera hori ere ematen baitu.
«Sagardoarentzako badira bi kontzeptu: sagardotegikoa eta botilakoa. Botilak eskatzen du zaintza, irudia, zerbitzua... Afari maridatuetan saiatu gara sa­gardo bakoitzaren fitxa egiten, adieraziz zer lortu nahi izan duen sagardotegiak, zein sagar mota eta zein sagastitakoak erabili dituen, erabili dituen barietateen nahasketa zergatik erabili duen...». Era berean, nola zerbitzatu ikasteko ere balio izan dute: «basoan edo kopan, tenperatura jakin batean, sagardoa botatzean hautsi edo ez hautsi...».
Azken batean, Euskal S­a­gardoa kalitate ikur dela trans­mititu dute, prozesu osoaren kontrolak ahalbidetu due­na. «Orain arte azaldu ez diren kon­tzeptuak agertu dira: usaina afru­tatua izan dadila bilatu nahia, edo ahoan borobila izango dena, azkar irakingo duena lortu nahi duenak legamiak era­biliko ditu eta besteak ez, batzuk egurrezko kupelean ondua nahi dute eta besteek azero inoxidablekoa... Orain arte bo­rro­ka, eztabaida sortu duten kon­tzeptuak sagardogintzan sor­tu diren aukerak bihurtu dira».

Euskal Sagardoa, etorkizunerako atea
Eta ez dira nolanahikoak, Eus­kal Sagardoaren haritik sortu diren aukerak. «Sagarraren kontrolak dakar desberdintasuna. Horrek aukera eman du gauza berriak egiteko. Barieta­te­en kontrolarekin, adibidez, au­kera asko sortu dira, eta hori ikusten da dibertsifikazioan: monobarietal batzuk erabili dira sagardo aparduna egiteko, edo hiru barietate jakin nahastu dira bestelako bat egiteko... Horretarako merkatua bilatu behar da, noski, baina kalitatearen haritik, bertakotik eta sagastien kontroletik etorriko da aldaketa», dio ziur Agirrek.
Azken urte gutxitan aldaketa hori nabaria izan da. «Ar­gu­men­tu garbiak dituen Euskal Sagar­doa Jatorri Deituraren proiektu honek sektorea elkartu du. Ho­rren barruan, gero, ba­koitzak bi­la­tuko du zer nahiago duen, no­lakoa egin nahi duen. Baina bertako eta kalitatezkoaren bueltan, dagoeneko elkartu dira 50 sagardogile eta 300 sagar ekoizle».
Kanpaina Gipuzkoan hasi du­te, «gure merkatuan hasi nahi genuen». Baina dagoeneko hasi dira Bizkaian ere, Egin Zotz! kanpainarekin, eta pixkanaka Ara­ba­ra ere egingo dute gero salto. Izan ere, ibilbide luzea jarri diote Euskal Sagardoari. «Helburua da 12 bat urtetan dena hemengo sagarrarekin egi­tea. Horrek eragina izango du baita ere bertako paisaian eta ekonomian, eta, nola ez, kalitatean. Dena gure eskura daukagu».

Egin zotz! kanpaina bukaerako festa

Bukatzeko festa, txerri erre eta guzti

Tabernetan Euskal Sagardoa kontsumitzen dutenek %50 merkeago izango dute pintxoa, abenduaren 14 eta 15ean.

Euskal Sagardoa ezagutzera emateko irailean hasi zen Egin Zotz! kanpai­nari buka­era emateko, festa herrikoiak egingo dira As­ti­garragan eta Hernanin, da­torren astean.
Astigarragan, abenduaren 14an jarri dute hitzordua, arra­tsaldeko 18:30etatik au­rre­ra, Joseba Barandiaran pla­zan. Hernanin, berriz, aben­duaren 15ean, 18:30etan baita ere, Plaza Berrin. Azken kasu honetan, San Joan Kon­partsa izango da, giroa jar­tzen.

Euskal Sagardoarekin, Euskal Txerria
Bi festetan, Euskal Sagardoa­rekin batera Euskal Txerria izango da protagonista. Izan ere, Euskal Sagardoak ber­tako sagarra bultzatzen due­na bezala, bertako produk­tuen aldeko jarrera ere sus­tatzen du.
Txerria plazan bertan, As­tiga­rragan Joseba Barandia­ra­nen, eta Hernanin Plaza Be­rrin erreko da, eta pintxotan banatu.
Kanpainaren asmoa izan da Euskal Sagar­doa sus­ta­tzea, eta hau tabernetan es­ka­tzea bultzatzea. Horre­ga­tik, bukera festa hauetan ere hori egien dutenek, pin­txoa %50 merkeago izango dute.

EUSKAL SAGARDOA JATORRI DEITURA
DUTEN HERNANI ETA ASTIGARRAGAKO SAGARDOTEGIAK

l Alorrenea (Astigarraga)
l Altzueta (Hernani)
l Astarbe (Astigarraga)
l Bereziartua (Astigarraga)
l Gartziategi (Astigarraga)
l Gurutzeta (Astigarraga)
l Iparragirre (Hernani)
l Ipintza (Astigarraga)
l Itxasburu (Hernani)

l Lizeaga (Astigarraga)
l Petritegi (Astigarraga)
l Zapiain (Astigarraga)
l Zelaia (Hernani)
l Akarregi (Hernani)
l Etxeberria (Astigarraga)
l Irigoien-Herrero (Astigarraga)
l Larrarte (Astigarraga)
*Denera 48 sagardotegik daukate egun, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!