Azkeneko txanpa dute sagardotegiek beren txokoak txotx denboraldi berrirako prestatzeko, eta horren bitartean, sagardoa ere izan da protagonista azken egunotan. Euskal Sagardoa aurkeztu eta sustatzeko kanpainari bukaera eman zioten aurreko ostiralean Joseba Barandiaran plazan, eta aurretik, Sagardo Apurua egin zuten Donostiako Bulebarren.
Gartziategin, irekiera ekitaldia
Donostiako ekitaldian iragarri zuten urtarrilaren 16an egingo dutela 2019ko txotx denboraldiaren irekiera, hau da, XXVI. Sagardo Berriaren Eguna, Sagardoaren Lurraldeak antolatuta. Gartziategi sagardotegian izango da ekitaldi nagusia, Sagardoetxetik pasata.
Bost sarrera bikoitz, zozketan
Bertan presente egoteko aukera luzatuko diete, aurrenekoz, herritarrei; bost sarrera bikoitz zozketatuko baititu Sagardoaren Lurraldeak astigartarren artean. Parte hartzeko, hiru baldintza ezarri dituzte: Astigarragakoa izatea, 18 urtetik gorakoa izatea eta sagardogilea ez izatea.
Parte hartu nahi dutenek, urtarrilaren 6ra arte izango dute apuntatzeko aukera: Sagardoetxean, 943 550 075 telefonoan edo info@sagardoarenlurraldea.com helbidean.
Izena ematerakoan, ezinbestekoa izango da ekitaldira bertaratuko diren bi lagunen izen-abizenak ematea, aurretik.