Hernaniko sei ikastetxeetako ikasleek 15 urte daramazkite Hernaniko Udalarekin batera Eskolako Agenda 21 programa lantzen. Ura, energia, hondakinak, biodibertsitatea, aniztasun kulturala... dira landutako gaietako batzuk, eta aurten, Kontsumo Jasangarriaren inguruko lanketa egiten ari dira, iaz landutako gaiari, hondakinen ingurukoari, jarraipena emateko.
Horrela, Elizatxo, Langile, Urumea, Inmakulada, Hernani BHI eta Lanbide Heziketako 3.000 ikasle inguru, sortzen dugun hondakin kopurua nola murriztu eta gutxiago nola kontsumitu aztertzen ari dira.
Gabonak gainean direnez, programa gidatzen duen Artelatz Ingurumen Zerbitzuak gogorarazi du «une aproposa dela nola kontsumitzen dugun eta egun hauetan etxean sortzen ditugun hondakinez jabetzeko».
Aztertu eta proposatu
Orain arte, ikasturtearen aurreneko hiruhilekoan, ikasleak arazoaz jabetzen ibili dira. Aurrena, ikastetxe bakoitzean diagnostikoa egiten ibili dira: kontsumoa gai hartuta ikasgairik lantzen ote duten, ikastetxeko kontsumoa nola hobetu ura, energia edota eskolako materialari dagokionean...
Eskolako diagnostikoa eginda, herrikoa egingo dute, nola eta zenbat kontsumitzen den jakiteko.
Bigarren hiruhilekoan, berriz, herria aztertuko dute. Behaketa lana egin, eta etxean eta kalean egingo dituzten galdetegien bitartez, egon daitezkeen arazoak aurkitu eta zerrendatu beharko dituzte.
Bukatzeko, ikasturteko azken hiruhilekoan, eskola bakoitzeko ordezkariekin osatutako foroak kontsumo jasangarriaren alde hainbat konpromiso hartu eta Udalari proposamenak egingo dizkio.