Euskal Herritik atzerrira joandako migranteen inguruko hitzaldiarekin hasi ziren atzo, Udalak antolatutako Oroimen Historikoari buruzko jardunaldiak, eta gaur beste hitzaldi bat izango da: Jon Maia bertsolariak emango du, 19:30etan Biterin.
Kasu honetan, XX. mendean, Frankismo garaian, Euskal Herrira etorritako migranteak izango ditu bertsolariak hizpide, Extremaduratik bertsolaritzara, integrazio istorio bat izenburupean.
Argazki erakusketa eta antzerkia, bihar eta etzi
Jardunaldiek segida izango dute datozen egunetan ere. Bihar, 20:00etan argazki erakusketaren inaugurazioa egingo da, Sebastian Ustarroz, argentinar-hernaniarraren musikak lagunduta: Migrazioak. Hernani. Joan-etorriko irudiak. Urtarrilaren 5era arte ikusi ahal izango da, 18:00etatik 20:00etara. Bertan, Hernanik XIX-XX. mendeetan bizitutako migrazio-fenomenoak aztertuko dira irudi eta testuek lagunduta.
Bestalde, ostegunean Ligeros de equipaje antzezlana antzeztuko du Biterin Viridiana Centro de Teatrok, 20:00etan doan. Gerra Zibilean Frantziara ihes egindako hainbaten bizipenak izango dituzte oinarri.
Beka eskaerak, igandera arte
Udalak gogorarazi du, baita ere, abenduaren 23ra arte eskatu daitekeela beka, Hernaniko Kultura Ondarea aztertzeko lan-ikerketa bat egiteko. Udalak 8.000 euro bideratuko ditu laguntza honetara. Oinarriak: www.hernani.eus.