Eskoletako jaialdiarekin eman diote hasiera, aurten ere, Iraulio Panttalone Hernaniko Bertso Eskolak antolatutako Bertsolatari. Eta ekitaldi gehiago izango dira datozen egunetan. Aurten, besteak beste, bakarra beharrean, bi bertso jaialdi egingo dira.
Eskolartekoa, Urumeara
Langile, Elizatxo, Urumea, Inmakulada eta Txirrita ikastetxeetako ikasleek bina bertso idatzi dituzte, hiru gai emanda, Bertso Eskolak antolatutako lehiaketan, eta irabazlea Urumeako Beñat Usarraga izan da. Pasa den ostegunean egin zuten sari banaketa.
Lujanbio, Laburu, Iurramendi, Iguaran, Artetxe eta Gaztelumendi ariko dira 29ko jaialdian.
Horri esker, Urumeako ikasleek aukeratzen duten bertsolariaren bisita jasoko dute eskolan. Eta era berean, Usarragak, hilaren 29rako antolatu den bertso jaialdirako bi sarrera irabazi ditu.
Bertsolariek, bi jaialdi
Hurrengo zita, ostegunerako jarri dute. Gazteen bertso jaialdia antolatu dute, doan, Kontrakantxa Gaztetxean. 20:30etan hasita ariko dira kantari Beñat Mujika, Andoni Mujika, Joanes Illarregi, Irati Majuelo, Haritz Mujika eta German Urteaga. Horrez gain, Da-Da-Da bertso-paper lehiaketa sariak banatuko dituzte. «Aurreneko urtea izateko emaitza txukuna» izan omen da.
Ez da hori jaialdi bakarra izango, ordea, aurten bi egingo baitira. Bertso jaialdi nagusia hilaren 29an egingo da, 19:30etan hasita Sandiusterrin, eta sarrerak han bertan salduko dira, momentuan. Bertsotan ariko dira Maialen Lujanbio, Agin Laguru, Oier Iurramendi, Beñat Iguaran, Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi.
Ohiko zitak ere bai
Bestalde, ohi bezala Gabon egunean baserriz baserri Olentzerorekin kantari aterako dira, 15:30etan Biteritik abiatuta, eta hilaren 31n urte zahar erronda egingo dute.