Lehoi, tigre eta jirafak ezagunak dira gure artean, baina ez hainbeste, gertuago bizi diren animalia espezieak. Hori horrela, «naturari lotuta unitate didaktikoa» sortzea izan dute helburu Hondarribian, baina bertako eta Euskal Herriko animalietan oinarrituta. Izan ere, Iñaki Sanz Azkue biologo hernaniarraren esanetan, «bertako espezieak ez ezagutzeak eragina izan dezake kontserbazioan».
Hondarribiako Arma Plaza Fundazioan lehendik ere landu dituzten unitate didaktikoei proiektu berria gehitu diote horrela: Kapen karta-jokoa. Eskoletarako aproposa, atzo aurkeztu zutenaren arabera, baina baita ere familian, modu ludikoan, jolastu eta ikasteko ere. Bertan hartu du parte biologo hernaniarrak, eta baita Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarrak ere, karta-jokoari bertsoa eskainiz. Izan ere, Hondarribiako euskerari, euskera batuari eta zientifikoari ere, beren ekosistema eman diote jolasean.
Hainbat eratara jolasteko aukera ematen die adin guztietako haur eta helduei: puzzleak egin, kartekin familiak osatu, hizkeraren arabera jolastu... Helburua, gure ingurunera kapen egitea; hau da, buruz behera salto egin eta murgiltzea.
Herriko eskoletan Lehen Hezkuntzan banatuko dute, eta salgai jarriko da herriko liburutegietan eta www.armaplaza.eus webgunean, astelehenean: karta-jokoak 10 euro, posterrak, 5.
Maialen Lujanbioren bertsoa, Kapen karta-jokoari
Arrain eta anfibio,
ugaztun, narrasti,
ornogabe, landare
eta hegazti,
ezkututik begira
daude segur aski,
labar, baso, padura
ala itsasazpi,
kapen egin, busti,
karta eta guzti,
zirriztimirrizti
zomorro eta pizti,
Hondarribiko izenak
zeinek dakizki.