«Hamar puntu nahi ditugu urtea amaitu baino lehenago». Oskar Astarloaren hitzak dira, Ordiziaren aurkako derbiaren aurretik. Bost partidu jarraian jokatu behar ditu Hernanik Gabonetako geldialdia baino lehenago eta hiru jokatu eta gero balantzea zero puntukoa da. Horrexegatik geratzen diren bi partiduetan bosna puntu beharrezkoak dira helburua betetzeko. Horretarako gaur irabazi beharra dago Bartzelonaren aurka.
Bigarren itzuliaren estreineko partidua, eguerdiko 12:30etan Landaren jokatuko da. Baina ez da izango elkarren kontra ariko diren azkeneko aldia: Kopako semifinalaren aurrerapena izango da biharkoa, partidu hori bera errepikatuko baitute finalerako txartelaren bila; Landaren, hori ere bai.
Beraz, ligarako puntuak pilatzeko bakarrik ez, Koparako ere baliagarria izango da: kontrarioari neurria hartu, animoak indartu... Ez dute lan erraza izango hernaniarrek, aurreneko itzuli bikaina osatu baitute kataluniarrek, eta laugarren daude. Baina garaipena bilatuko dute, Igor Genuaren itzulera ere aldeko dutela. Beharra ere badaukate: liga ondo hasi arren, jaitsierako postuetatik oso gertu daude berriro, 10garren postuan, Cisneros azkenaurrenaren puntu berdinekin.
Esan Bartzelona izan dela lehendabiziko itzulian, etxetik kanpo, puntu gehien bildu dituen taldea. Hala ere Hernani indartsu irtengo da.