Fase erabakigarrian sartu da, erremonteko Binakako Txapelketa. Ligaxkako lau bikote onenek egin dute aurrera, eta gaur hasiko dira semifinalak, arratsaldeko 16:00etan Galarretan. Izan ere, bi partidutara jokatuko da finalerako txartela, gaur eta datorren larunbatean.
Eta txartel preziatua bilatuko dutenen artean da Endika Barrenetxea hernaniarra ere, Ansa IIrekin batera. Ligaxka bigarren bukatuta, Uterga eta Azpirozen kontra jokatuko dute, hirugarren izan zen bikotea.
Txapelketa erdipurdi hasi ondoren, gora egin dute Barrenetxeak eta Ansak. Aurrenekoa, Urtasunekin jokatu eta irabazi zuen hernaniarrak, Ansa min hartuta zegoelako. Eta bigarrenean, elkarrekin, porrota gogorra jaso zuten (24-40). Baina hortik aurrera, bikain aritu dira. Juanenea eta Endika liderrak menperatu zituzten, eta Utergari eta Azpirozi, gaurko kontrarioei, nagusitasunez gailendu zitzaizkien (40-25). Azkeneko tantoan egin zien ihes ligaxkako lidertzak, Urriza eta Larrañagaren kontra (39-40).
Aurretik, Juanenea-Endika eta Ezkurra II-Etxeberria III
Hain justu, Juaneneak eta Endikak bukatu dute lider, eta laugarren sailkatu direnen kontra, Ezkurra II eta Etxeberria IIIren kontra, jokatuko dute gaur, beste semifinalaren joanekoa.