Irailean salatu zuen Astigarragako EH Bilduk, «nabarmen» haunditu dela legegintzaldi honetan, Hezkuntza zinegotziaren senitartekoen bi enpresak Udalarekin duten fakturazioa. Eta orain, EH Bilduk adierazi du, Udal Idazkariak arrazoia eman diola: «EAJk ziurtatu zuen, gutxitu egin zirela enpresa hauekin egindako lanak, eta leporatu zigun gezurretan ari ginela, eta gure jarrera onartezina zela. Baina azkenean, Udal Idazkariak txostena egin du, eta datuak argigarriak dira», adierazi du EH Bilduk.
Txosteneko datuekin, tabla osatu dute (irudian ikusgai), eta nabarmendu du, legealdia bukatzeko zortzi hilabete falta direnean, aurreko legealdi osoan bezainbeste fakturatu dutela bi enpresek: «Idazkariaren datuen arabera, 63.103,68 euro fakturatu zituen EH Bilduk, aurreko legealdi osoan, lau urtetan, bi enpresa hauekin. EAJk, oraingoz, legealdi honetako hiru urte eta lau hilabeteetan, 63.080,27 euro fakturatu ditu, bi enpresekin. Hau da, oraindik zortzi hilabete falta direnean, 23,41 euro bakarrik falta zaizkio, aurreko legealdiko zenbatekora iristeko».
«Konparaketa proportzionala» egiteko, legealdi bakoitzeko aurreneko bi urte eta erdiak hartu ditu EH Bilduk: «epealdi horretan, 33.686 euro fakturatu zituen EH Bilduk, eta 54.445 euro EAJk; hau da, ia %62 gehiago», adierazi du: «ez dugu zalantzan jartzen, legala ez denik; baina ez da batere etikoa ezta eredugarria, interes pribatu jakin batzuei mesede egiteko Udalaz baliatzea».
«EAJk eta PSE-EEk onartu dute, 9.000 euro zuzenean esleitu ahal izatea»
Zentzu horretan, EH Bilduk salatu du, «kontratazioetan, gutxienez, gauza bitxiak gertatzen ari direnean, gardentasunaren alde urrats bat eman beharrean, atzerapausoa ematea» erabaki dutela EAJk eta PSE-EEk: «aurreko legealdian, 9.000 euro baino gehiagoko kontratuak egiteko, hiru eskaintza eskatu behar izateko obligazioa onartu genuen. Legeak, derrigortasun hori, 15.000 eurotik gora dauka jarria, baina Astigarragako Udalaren jardunari gardentasun gehiago ematea zen helburua. Orain, ordea, derrigortasun hori kendu dute EAJk eta PSE-EEk, eta beraz, EAJk libre izango du, 9.000 eurotik 15.000 eurora bitarte, edozein kontratu zuzenean eta publizitaterik gabe egiteko».
Horrelako neurriak hartzea, «berri txarra eta kezkagarria» dela dio EH Bilduk, «aurrekariak ikusita eta EAJren kontratazio politiketan zalantza nabarmenak daudenean»; eta beraz, EAJren jarduna «gainbegiratzen» jarraituko duela.