«Animaliekin erantzukizunez jarduteko arauak» banatu dituzte, etxez etxe

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 15a, 01:00

Triptikoak banatu ditu Asti­ga­­rragako Udalak etxez etxe, aste honetan, animaliak edukitzeko ordenantzaren inguruan. Zehazki, jasotzen ditu «animaliekin erantzukizunez jarduteko arauak», herritarren eta txakurren arteko elkarbizitza egokia izan dadin.

 Horrela, adierazi dute, txakurren jabeek derrigorrez iden­tifikatu eta erroldatu beharko dituztela animaliak, hiru hilabete baino lehen, edo erosi den momentutik hilabeteko epean. Txipa erabiliko dute, animalia iden­tifikatzeko. Osasun kartila ere izan beharko dute animaliek, jabearen zein animaliaren datuekin, txertaketa eta desparasitazazio datekin, eta bestelako datuekin.

Eta arriskutsuak izan daitezkeelako katalogazioa dauka­ten txakurren kasuan, derrigo­rrezkoa da Lurralde Erregis­troan erroldatzea. Horretarako, udaletxean entregatu behar da dokumentazioa.

Bide eta leku publikoetan, txakurrak lotuta
Bizikidetza arauei dagokienez, zehaztu dute txakurrek uhal batekin lotuta joan beharko du­tela, herriko bide eta leku pu­blikoetan; eta derrigorrezkoa dela txakurren kakak jasotzea.

Arau horiek betetzen ez di­tuztenek, arau-urratze arinak egingo dituzte, eta 60 eurotik 750 eurora bitarteko isunak jaso ditzakete.

Txakur parkeak eta libre ibiltzeko eremuak, herrian
Herrian, hala ere, badira txakurrak libre ibiltzeko hiru eremu: Murgia Parkea, Mun­da­rro plaza eta Pagoaga plaza. Ordutegi jakin batean ibili daitezke libre: neguan, 19:00etatik 10:00etara; eta udan, 21:00etatik 09:00etara. Egun osoan zehar ibili ahal izango dira libre, he­rriko bi txakur parkeetan: Ergo­biako errotondakoan, eta Donostia ibilbidekoan, Astiga­rra­gara sartzeko errotondan. Laster, 800 metro karratuko bes­te bat zabalduko dute, Uru­mea Berriko ibai parkean.

Eremu horietan, aske utzi ahal izango dira txakurrak, baina jabeak arduratu beharko dira txakurren portaeraz, eta haien kakak, berdin-berdin jaso beharko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!