Datorren asteartean egingo du Astigarragako Irakurle Klubak abenduko saioa, urteko azkenekoa. Liburutegian izango da, iluntzeko 19:30etan hasita, eta oraingoan, Eider Rodriguez idazlearen azkeneko eleberria irakurriko dute, 2017an argitaratua: Bihotz handiegia.
Isabel Etxeberriak gidatuko du Irakurle Klubaren saioa, eta bertan partehartzea, irekia eta doakoa izango da.
Ez da nolanahiko eleberria izango, irakurriko dutena. Izan ere, 2018ko Euskadi Literatura Saria jaso du idazle errenteriarrak, Bihotz handiegia liburuarekin; eta baita Zilarrezko Euskadi saria ere, Gipuzkoako liburu-saltzaileek ematen dutena, Liburuaren Egunaren bueltan.
Arroztasun sentipena duten pertsonaiak, sei ipuinetan
Sei ipuinek osatzen dute Bihotz handiegia liburua, eta arroztasun sentipena duten pertsonaiak agertzen dira denetan. Liburuaren izenburu bera dauka aurreneko ipuinak, luzeenak: senar ohia zaintzera joateko gogorik ez daukan emakume bat da protagonista; baina alabak hala eskatu dionez, eta gizonari bizialdi laburra geratzen zaionez, ahalegin txiki bat egin beharko du...