Musikak iragarriko ditu Gabonak Goizuetan eta Aranon. Izan ere, etxez etxe kantuan aterako dira Olentzero bizkar gainean hartuta. Gabon egunean izanen da hori, hilaren 24an. Aranon, goizeko 09:00ak aldera jarri dute zita. Goizuetan, berriz, bi zita jarri dira: goizean, Xalto eskolako ikasleak aterako dira, eta arratsaldean, urtero bezala, Olentzero bizkar gainean hartuta ibiliko dira herritarrak, herri osoan zehar.
Olentzero iritsi baino lehen, ordea, entzunen dira Gabon doinuak. Eta bestelako ekintzak ere izanen dira hurrengo egunetan.
Umore Ona abesbatzak kontzertua, Hernanin eta Goizuetan
Hain zuzen, Gabon doinuak jartzen aurrenekoak Goizuetako Umore Ona abesbatzako kideak izanen dira. Abenduaren 23an, eguerdian kantatuko dute, Imanol Kamiok zuzentzen duen Doinu Zale eskolako akordeoi-joleek eta Ozenki abesbatzak lagunduta.
Bezperan, abenduaren 22an, Hernanin ariko dira Doinu Zaleko orkestra eta abesbatzak, Hernaniko Musika Bandarekin batean emanen duten kontzertuan; bertan hartuko du parte Umore Onak ere. Hernaniko San Joan Bataiatzailea elizan izanen da, iluntzeko 20:00etan.
Umeentzat tailerrak, Aranon eta Goizuetan
Opor egunetarako, berriz, gaztetxoentzako ekintzak antolatu dira. Euskara Zerbitzuak antolatuta, 3 eta 14 urte bitarteko haurrentzako tailerrak eginen dira; Goizuetako eskolan abenduaren 26 eta 27an, eta Aranoko Maisuenean, abenduaren 28an. Goizuetarren kasuan, urtarrilaren 3an ere beste tailer egun bat antolatuko da nahikoa jendek izena emanez gero.
Izenematea asteartean bukatuko da. Eskolan banatu dituzte izena emateko orriak, eta bertan jasoko dira.
Tailerrak goizetan eginen dira, 10:00etatik 13:00etara: jokuak, eskulanak eta beste hainbat ekintza izanen dira aukeran. Saio bakoitzeko 5 euro ordaindu beharko dira.
Urtea agurtzeko, musean
Helduagoentzako ere ez da faltako entretenimendurik. Horrela, Umore Ona elkarteak mus txapelketa antolatu du urtarrilaren 31rako, Goizuetan. Arratasaldeko 16:00etan hasiko da, eta momentuan eman ahal izanen da izena: bikoteko 10 euro. Sari potoloak izanen direla-eta, inguruetako muslariak ere gerturatzea espero dute.