Ia 100 urte atzera egingo du Astigarragak, gaur. Izan ere, 20ko hamarkadan girotutako Upelio Eguna ospatuko dute, Gazte Asanbladak antolatuta.
Iluntzeko 19:00etan hasiko da festa, Zipotza elkartearen ondoan. Bertan, kontzertua eskainiko du, Chimamanda talde astigartarrak. Eta emanaldia bukatzean, triki poteoa abiatuko dute, upeliotarrek.
Afalordurako bueltatuko dira denak, Zipotzara. Elkartean egingo dute afaria, 21:30etan hasita; eta horretarako txartelak, aurrez erosi behar ziren, ostegunera arte,
Zipotzan bertan, 15 euroan.
Ez da nolanahikoa izango, gaurko afaria. Izan ere, duela 100 urtera saltoa, herritarren jantzietan ere nabarituko da: 20ko hamarkadan egiten zuten bezala janztea eskatu die Astigarragako Gazte Asanbladak.
20ko hamarkadan ohikoa zen bezala janztea eskatu diete herritarrei; zenbait gomendio ere eman dituzte.
Soinekoa, pintzadun galtzak, koilare luzea, pajarita...
Aspaldi hasiko ziren jantziak prestatzen, batzuk; baina beste zenbait, oraindik zer jantzi ez dakitela egongo dira. Eta azkeneko horientzat, zenbait aukera edo gomendio eman dituzte Gazte Asanbladatik. Azaldu dute, emakumeak soinekoekin jantzi ohi zirela, baina gerrialde zabalarekin eta txorkatilak agerian zituztela. Koilare luzea, media txuriak edo beltzak, eta buruan, txapela edo diadema janztea jarri dituzte aukeran.
Gizonen artean, berriz, pintzadun galtzak ziren ohikoak, beltzak edo urdinak. Alkandora txuria janzten zuten, eta gainetik, txalekoa eta beroki luzea. Pajarita ere ohikoa zen orduan, eta buruan, kapela.
Afariarekin ez da bukatuko, gaurko festa. Izan ere, parrandarako deia luzatu dute, eta hori ere, 20ko hamarkadan girotuta egongo da, noski!