Haur eta gaztetxoen oporrekin egiten dute bat Gabonek, hortaz, plan berezi eta dibertigarriak egiteko unea ere bihurtzen da. Hori aprobetxatuz, eskaintza berezia egiten du urtero Kutxa Ekoguneak, eta hala egingo du aurten ere: «hiruhileko programaz aparte, ekintza berezi batzuk izango ditugu», azaldu du Maitane Alvarez ardunadunak.
Larunbateroko ipuin kontaketak, gaur eta hilaren 29an
Ohiko programaren barruan, larunbatero egiten dituzte ipuin kontaketa saioak Kutxa Ekogunearen Haur Parkean, eta horiek mantendu egingo dituzte Gabonetan ere. Nola sentitzen zara? ipuina kontatuko dute gaur eta hilaren 29an; goizez izango da, 11:30etan. Ohiko sarrerarekin batera eskainiko dute jarduera hau.
Hilaren 30ean ere, ipuinekin bueltaka jarraituko dute, baina oraingoan, ipuina are bereziagoa izango da, antzeztua izango baita, hileko azken igandero egin ohi duten moduan. Koloretako munstroa izenburupean, haurrekin emozioak landuko dituzte ikuskizunean. Saioa 12:00etan izango da, 5 euroan.
Tailerra, bihar
Bi ipuinen artean, tailerra ere izango da: Ekotxef. Honen bitartez, «garaiko eta bertako produktuak ezagutuko ditugu». Hortaz, sukaldaritzan bete-betean sartu nahi duenak, bihar izango du aukera eguerdiko 12:00etan hasita.
Ekintza hauez gain, Gabonetarako bereziki antolatutakoak ere izango dira.
Hilaren 22an eta 23an, Olentzeroren lagunen bisita jasoko du Kutxa Ekoguneak, Olentzeroren lagun berritsuak jarduerari esker. Izan ere, «Olentzero erabat lanpetuta dabil 24 gaueko banaketa gertu dagoelako. Hau dela eta bere lagunak bidali ditu Ekogunera hainbat kontu adieraztera». Olentzerori mezua uzteko aukera izango dute haur zein helduek abenduaren 24ko gau bereziaren aurretik, eta horretarako lau saio izango dira: hilaren 22an eta 23an, 12:30etan eta 16:30etan. Horietako bat, ordea, hilaren 22ko arratsaldeko saioa, beteta dago dagoeneko.
Olentzeroren lagunen bisita bezain garrantzitsua da Inuxente Eguna Kutxa Ekogunean, eta modu berezian pasatzeko gonbidapena ere egiten dute: «egun osoko plana da, goizez eta arratsaldez, photocall-a, eskulanak, txantxa-jolasak... egiten ditugu. Oso berezia izaten da!», dio Alvarezek. Hilaren 28an izango da hori, goizeko 11:00etan hasita.
Musikaz blai, urte berria
Gabonei bukaera eman eta urte berria agurtzeko ohitura ere badute Kutxa Ekogunean; oraingo honetan, musika izango dute lagun, horretarako. Hilaren 4an egingo dute, hain zuzen, Triki-kantu saioa: «negu eta Gabon abestiak kantatuko ditugu elkarrekin. Kantuan aritzeaz gain, erritmoa landuko dugu», azaldu dute. Arratsaldeko 16:30etan hasita izango da, eta zin egin dute: «ez dugu euria ekarriko, elurra mara-mara agian…».
Trukegunea aurten, hirugarrenez
Baina ekintzez gain, ekimen ezagun bat ere izango dute martxan Kutxa Ekogunean: Jostailuen Trukegunea. Hirugarrenez egingo dute, eta dagoeneko erabilgarri dago, jostailuak eman eta jaso nahi dituztenentzat. Urtarrilaren 13ra arte luzatuko dute aurten, ekimena.
Asmo zehatzak ditu aurreko urtean arrakasta izugarria izan zuen ekimen honek: «haurrei trukean oinarritutako esperientzia zoragarri bat eskaintzea«, batetik; eta bestetik, «Gabonetan opari moduan jasotzen dituzten jolasak berrerabiliak izateko aukera erraztea».
Izan ere, «gauzak doan jasotzeko ohitura falta» somatu du azken urteotan Kutxa Ekoguneak, eta ekimen honekin, azpimarratu nahi dute «balio berdina duela hartzeak eta emateak».
Hori dela eta, herritarrak animatu dituzte jostailuak utzi edota hartzera, «betiere uzten den hura erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatuz. Jasotakoa, utzitako gure seme-alaben jostailuak erabiltzen genituen bezala tratatzeko konpromisoz».
«Goxo egoteko txokoa»
Honengatik guztiagatik bakarrik ez, beste hainbat arrazoirengatik bisitatu beharko litzateke Kutxa Ekogunea neguko opor hauetan Maitane Alvarezen ustez: «oso espazio aproposa da eguraldi on edo txarrarekin. Goxo egoteko txokoa da, eta haurrei esperimentatzeko aukera eskaintzen die, jolas librea ere bultzatzen baitu». Gainera, nabarmentzen du, «familiarekin, lagunekin...» edozeinekin egiteko moduko plana dela!
Ia egunero, irekita
Horretarako, aukerarik ez da faltako; Gabonetako aldaketa nabarmena baita Haur Parkea ia egunero irekita dagoela, hilaren 21ean hasi, Santo Tomas Egunarekin, eta urtarrilaren 7ra arte. Tarte horretan goiz eta arratsaldez irekiko dute, salbuespen batzuekin: arratsaldez irekiko da Santo Tomas egunean, goizez besterik ez dute irekiko hilaren 24 eta 31n, eta itxita egongo da hilaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an.