Nobedade haundirik gabe, baina urteroko ekintzei ere hutsik egin gabe, musika, kantu, jolas eta kirolen erritmora ospatuko dituzte Gabonak, astigartarrek. Eta data seinalatuei bidea egiteko, San Tomas azoka eta Gabonetako kontzertua izango dira protagonista, asteburu honetan bertan.
Foru Plazan jarriko dute San Tomas azoka gaur, goizeko 10:30etatik 13:30etara, eta txistorra bakarrik ez, produktuen postuak, tailerrak, musika eta kantu jaialdia ere izango dira.
Eta kantuari, bihar emango diote segida, Norberto Almandoz musika eskolan eta Andre Maria elizan. Aurrena, txikienek eskainiko dituzte saioak, 11:00etan hasita, musika eskolako areto nagusian. Eta gero, Gabonetako kontzertua eskainiko dute elizan, 12:30etan hasita, Aiztondo abesbatzak eta musika eskolako hainbat taldek: organoa, biolina, txistua, gitarra eta abesbatza.
Kirola eta jolasak, protagonista
Datorren astean ere segiko du musikak, Norberto Almandozeko ikasleen entzunaldiekin, hilaren 17, 18 eta 20an. Eta hortik aurrera, jolasek eta kirolak hartuko dute protagonismoa.
Kirolak, abenduaren 22an eta 23an pilatuko dira, bereziki. Izan ere, bi egunetan ospatuko dute Kirol Eguna. Larunbatean, goiz eta arratsalde, kirol ugari probatuko dituzte, kiroldegian: judoa, eskubaloia, saskibaloia, zumba, jump fit, body flow, ziklo indoor... Igande goizean, berriz, frontoian jarri dute zita; eta arratsaldean, Inuxente Krosa egingo dute.
Jolaserako, berriz, kultur etxean izango da aukera, Jolas Areto irekiarekin; eta kiroldegian, Jolas Txikirekin. Ohe elastikoak ere jarriko dituzte, Joseba Barandiaran plazan.
Olentzero eta Mari Domingi, urteroko bisitarekin
Eta kirol eta jolas artean, urteroko bisita berezia jasoko dute astigartarrek, abenduaren 24an. Goizeko 11:30etan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, Santiomendin behera, eta herritarrekin batera ibiliko dira, kaleetan barrena. Foru Plazan bukatuko dute, kantuan.
GABONAK ASTIGARRAGAN
GAUR, larunbata
10:30-13:30, San Tomas azoka, Foru Plazan: ikasleek egindako gozoak, erakusketak, baserritar zapiak nola jantzi erakusteko txokoa, zuhaitza apaintzeko tailerra, nekazarien produktuen salmenta, trikitilariak, kantu jaialdia eta zozketak.
BIHAR, igandea
11:00-12:00, Gabonetako emanaldiak, Norberto Almandoz musika eskolako areto nagusian: 0-3 eta 4-5 urteko ikasleen saioak.
12:30, Gabonetako kontzertua, Andre Maria elizan: Aiztondo abesbatza, eta Norberto Almandoz musika eskolako organo, biolin, txistu eta gitarra taldeak eta abesbatza.
ABENDUAK 17, 18 eta 20
Entzunaldiak, Norberto Almandoz musika eskolako areto nagusian. 17an, biolina, zeharkako txirula, tronpeta eta bonbardinoa, 18:30etan. 18an, eskusoinua eta pianoa, 18:00etan. Eta 20an, trikitixa eta panderoa, akustikoa, teklatua eta talde modernoak, 19:30ak aldera.
ABENDUAK 18, asteartea
18:00, Zilegi Eskola, Zipotza elkartean: turroiak eta bonboiak, Ana Corcolesen eskutik. Izenemateak: zilegieskola@aek.eus, 607 610 687 edo 607 592 864. Prezioa: 2 euro.
ABENDUAK 22 eta 23: Kirol Eguna
22an, kiroldegian: 10:30etan judoa familian, eskubaloia eta saskibaloia; eta 16:00etan, zumba eta jump fit kids, aeropilates, body flow eta hipopresiboak, zumba, TRX, ziklo indoor, jump fit eta fit pump.
23an, Txomiñene frontoian: pelota eskolako haurrak eta palako neskak, 10:00etatik aurrera.
ABENDUAK 23, igandea
16:00 eta 17:30, Inuxente Krosa: 4-15 urtekoen lasterketak 16:00etatik aurrera; eta helduena
(6 kilometro) 17:00etan. Izenematea zabalik kiroldegian, 5 euroan; haurrek doan.
ABENDUAK 24, astelehena
11:30, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera: Santiomenditik jaitsi, eta herriko haurrekin elkartuko dira ikastolako atarian, kaleetan zehar ibili eta Foru Plazan bukatzeko.
ABENDUAK 26-29
Ohe elastikoak, Joseba Barandiaran plazan. Astiko elkarteko zenbait dendatan erosten dutenek, ohe elastikoetarako txartelak lortuko dituzte.
ABENDUAK 26, 27, 28, 31 eta URTARRILAK 3
Jolas Aretoa, 11:00-13:00 eta 16:00-18:30, kultur etxean. Sarrera irekia eta doakoa.
ABENDUAK 26-28 eta URTARRILAK 2-4
Jolas Txiki, 09:00etatik 13:00etara kiroldegian: joku didaktikoak, lankidetzakoak eta taldekoak. Izenematea abenduaren 16ra arte, 2-5 urteko haurrentzat: bazkideek 30,70 euro, ez direnek 38,80 euro, txanda bakoitzeko (hiru egun).
ABENDUAK 28, ostirala
16:30-18:30, Futbol eskolako ate irekiak, 2007-2011 urteen artean jaiotakoentzat. Informazio gehiago: campusmundarro@gmail.com, astigarragamundarrofke@gmail.com, 617 633 955 edo 943 33 36 76.