Gabonetako gainontzeko kanpainekin batera, komertzio txikiaren aldeko sentsibilizazioren aldeko lanean segitzen du Berriak Merkatari eta Ostalarien elkarteak, eta hori horrela, Berritxu pertsonaia sortu du, Alai Zubimendi ilustratzailearen laguntzarekin.
Atzo aurkeztu zuten pertsonaia eta irakurri eta margotu ahal izango den ipuina. 3.500 kopia egin dituzte, dendetan eta Errege Kabalgatan umeen artean banatzeko.
Exeko txikienak kontzientziatzeko
Luis Intxauspe alkatea eta Berriak elkarteko Mertxe Jimenez eta Maixa Ruiz izan ziren atzo, Berritxuren aurkezpenaz arduratu zirenak. Haien hitzetan, «gure komertzio txikiarekin identifikatzen den pertsonaia» sortu nahi izan dute, eta alkateak adierazi zuen bezala, «komertzio horren garrantzia eta gure kontsumo ohituren garrantzia, hau da, herriko komertzio txikietan kontsumitzearen garrantzia azpimarratu. Udalak bat egiten du Berriakekin, Hernani bizia izan dadin, eta ez grixa. Bide horretan beste ekimen bat da hau».
Ipuinean kontatzen da nola Berritxu protagonista eroso eta gustora aritzen den herriko komertzio txikietan erosketak egiten, denek ezagutzen dutelako, lagunak dituelako. Baina Zentromertzial munstroa etortzen denean konturatuko da ez dituela ezagutzen eta ez dela hain seguru ibiltzen bertan.
Erosketa ohituretan «lehentasuna herrian bilatzeari» ematea lortu nahi du Berriakek.
Berriak elkartetik Mertxe Jimenezek adierazi zuen «umeei bideratuta» sortu dutela ipuina, «haiengan dagoelako etorkizuna. Kontzientziazio lan hau etxetik egin behar da. Errazagoa da ohiturak aldatzea, umeek eskatzen dutenean inguruko zerbait. Eragina daukate umeek».
Hain zuzen, azpimarratu zuten «lehentasuna herrian bilatzeari» eman nahi diotela. «Gure erosketak gure eguneroko erabakiak dira» gehitu zuen Luis Intxauspek.