Datorren astearteko Plenoan bozkatuko dira 2019ko Udal Aurrekontuak, eta Udal Gobernuaren proiektuari, emendakinak aurkeztu dizkio Hernaniko PSE-EEk. Horrela, osoko zuzenketa bat aurkeztu dute, «EH Bilduren proiektuarekin erabateko desadostasuna daukagula adierazteko»; baina era berean, emendakin partzialak ere aurkeztu dituzte, «erakusteko Hernanin posible direla beste aurrekontu batzuk eta beste proiektu bat», azaldu du Ricardo Crespo bozeramaileak. Guztira, 2,8 milioi eurokoak dira, aurkeztutako emendakin partzial horiek.
Crespok dio, «aurreko urteetako ildoa» jarraitu dutela 2019 urteko aurrekontuek, eta ez direla jaso «hernaniarren eskaera historikoak, hondakin bilketa sistema bezala; ezta gure eskaerak ere, organikoaren konpostarako poltsak ematekoa, kostu prezioan bada ere, eta partida bat jasotzekoa, sistemari buruzko kontsulta batera eraman dezakeena».
Uste du, «kontraesankorra» dela EH Bilduren diskurtsoa: «aurrekontu proiektuaren hasieran dio, herriak 20.000 biztanlera iritsita, inbertsio gehiago egin behar dituela urbanizazio lanetan eta kale garbiketan; baina gero, hori ez da islatzen aurrekontuetan. Zerbitzuak ez dira nahikoa haunditu. 2018ko kopuru bera bideratuko da, adibidez, kale garbiketarako eta herri barruko autobuserako. Bada garaia, herriak merezi dituen zerbitzuak eskaintzeko».
Beste hiru partida aipatu ditu PSE-EEk, osoko zuzenketa azaltzeko: «100.000 euroko partida jaso da, etxeetan erreformak egiteko, guk 2016an adostu genuena EH Bildurekin. Oso berandu iritsi da, eta gainera, beraien ekimen gisa aurkeztu dute, interes partidistarekin. Beste 25.000 euro jaso dira kiroldegiko igerilekuan kubierta bat egiteko; horrekin onartu dute, obrak akatsak dituela».
Hainbat partida haunditzeko proposamena, PSE-EEk
Eta azkenik, Galarreta garatzeko 2,7 milioi euroei dagokionez, EH Bilduk proposatu du Volvo eta zerrategi inguruko zonaldea garatzea, Estubegi eta Oronako zonaldea oraindik garatu gabe dauzkagunean. Proposatu dugu 500.000 euro bideratzea, herrigunean dauden enpresei laguntzeko industria gune horietara mugitzen, Hernanirentzat enplegurik galdu gabe».
Beste hainbat partida proposamen ere egin dituzte: partidak haunditzea kale garbiketarako, udaltzaingorako, larunbat goizetako Herritarren Harrera Zerbitzurako, Karabeleko aparkalekurako, exklusio egoeran daudenentzako mikrokredituentzako, Zarata Maparen ekintzetarako, edo kirol jardueretarako.
Eta aldiz, sei partida berri sortzea: 250.000 euro bizilagunek aukeratzeko auzoetan zer berritu edo hobetu; 150.000 euro Portutik Kaxkora igogailua egiteko; 20.000 euro herri barruko autobus zerbitzua hobetzeko, Ereñotzu, Martindegi, Santa Barbara eta Jauregira; 50.000 euro azpiegiturak ikuskatzeko zerbitzu bat kontratatu, eta Lastaolako zubikoa ez errepikatzeko; eta 25.000 euroko bi partida, hirugarren hizkuntza baten ikerketa diruz laguntzeko bata, eta eskolako materialaren erosketa diruz laguntzeko bestea.