Herriko kaleetan barrena korrika arituko dira aurten ere, makina bat inuxente. Abenduaren 23an antolatu du Inuxente Krosa Mundarro Kirol Elkarteak, arratsaldeko 16:00etan hasita, Kale Nagusian.
Ordu horretan abiatuko dira haur eta gaztetxoen lasterketak, eta adinaren arabera, distantzia eta ibilbide ezberdina osatuko dute, multzoka. Haurrek, egunean bertan emango dute izena, eta doakoa izango da partehartzea, haientzat.
Helduen lasterketa, berriz, 17:00etan hasiko da, eta 6 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partehartzaileek. Izenematea dagoeneko zabalik dago, kiroldegian, 5 euroan. Egunean bertan ere izango da apuntatzeko aukera, irteeran, 7 euroan. Mundarroko bazkide eta kirolarientzat, doakoa izango da.