Zortea bide lagun izan zuen atzo Hernanik Madrilen. Barça Rugbi suertatu zaio arerio Errege Kopako finalerdian, datorren urtarrilaren 19 edo 20an, Landaren.
Espainiako federakuntzaren egoitzan egin zen zozketa finalerdietara sailkatutako lau taldeen artean. Partidu bakarrera da finalerdia eta beraz aurkaria ez ezik, non jokatuko ere zozketatzen zen.
Alcobendas, El Salvador eta Barça ziren tokatu zitezkeenak eta azkenean kataluniarrak izango dira aurkariak, eta gainera etxean, Landare-Tokin, jokatuko da partidua.
Hiru arerioak dira oso gogorrak eta etxean jokatzea beharrezkoa zen finalerako aukerak izateko. Uste hori bete zen eta aurkarietan teorian ahulena dena ere bai; Barça Rugbi. Hala ere, horrek ez du esan nahi arerio erraza denik, ezta gutxiago ere.
Laugarrena Ligan, etxetik kanpo partidu gehien irabazi dituena eta Kopako erregea
Laugarren daude sailkatuak eta Errege Kopa gehien irabazi dituen taldea da. 16 Kopa ditu irabaziak, nahiz eta azkenengoa 1985ean. Gainera etxetik kanpo partidu gehien irabazitako taldea da aurtengo Heineken Ligan. Datu benetan esanguratsuak.
Gainera, kasualitateak nahi izan du zozketaren emaitza jakin den aste berean, Barça Rugbi Landarera etorriko da, igandean, Ligako bigarren itzuliko lehenengo partidua jokatzera. 12:30etan hasiko da.
Beste finalerdia Alcobendas eta El Salvadorrek jokatuko dute Madrilen.