Bi proba izan zituzten aurreko asteburuan, pistan, txirrindulari astigartarrek: Donostiako belodromoan, Bio Racer Sarian; eta Portugalen, Anadiako Nazioarteko Sarian. Eta bietan aritu dira maila ederrean.
Jaime Romerok, junior mailako lidertza defendatu behar zuen beste behin, Anoetako belodromoan; eta probarik irabazi ez zuen arren, haunditu egin zuen, hurrengo sailkatuekin zeukan tartea: 130 punturekin dago, Eneko Lazkano bigarrenak baino 25 gehiago.
Tempo proban aritu ziren aurrena, eta bigarren sailkatu zen Romero, Asier Pozo taldekidearen atzetik; tarteko bost sprint irabazi zituen bakoitzak, baina aurretik helmugaratu zen Pozo, eta horrek eman zion garaipena. Eneko Lazkano izan zen hirugarren.
Puntuazio proba, berriz, oso nahasia izan zen, etengabeko erasoekin; tartean, Romerorenak. Baina probaren bigarren zatian, ezin izan zien erantzun Iñigo Eizagirreren eta Lazkanoren erasoei, eta bi bueltako abantaila lortu zuten biek. Azkenean, bosgarren izan zen Romero. Lazkanok bigarren bukatu zuen, eta bera da sailkapen nagusiko bigarrena, orain.
Portugalen bikain, Telmo Semperena
Bio Racer Sariko laugarren jardunaldi hori baino lehen, Telmo Semperena astigartarra zegoen bigarren, baina ez zuen parte hartu; eta orain, seigarren postura jaitsi da.
Izan ere, Donostian ez, Portugalen aritu zen Semperena, Euskadiko selekzioak deituta. Anadia herriko Nazioarteko Sarian aritu zen, eta baita maila bikaina eman ere.
Lau probako omniuma lehiatu zuen larunbatean. Scratch probarekin ekin zion, 10garren postuan; eta zazpigarren izan zen tempo proban. Hirugarrenean, eliminazio proban, eman zuen mailarik onena: bigarren izan zen, Rodrigo Caixas portugaldarrarekin azken sprinta galduta. Puntuazio probarekin eman zioten bukaera, eta ia sprint guztietan puntuak pilatuta (horietako bat irabazi ere egin zuen), probako hirugarren onena izan zen. Horrela, bosgarren postuan bukatu zuen omniuma, 121 punturekin; irabazleak baino 13 puntu gutxiago bakarrik.
Igandean, beste bi probatan aritu zen. Puntuazioan seigarren izan zen, eta gero, scratch proban, ezustekoa ematen saiatu zen, proba ia osoa ihesaldian eginda; baina bi itzuliren faltan harrapatu zuten.
Donostian berriro, gaur
Bio Racer Sariko bosgarren jardunaldia izango da gaur, arratsaldeko 15:30etan hasita, Donostiako belodromoan. Scratch eta puntuazio probetan ariko dira juniorrak eta 23 urtez azpikoak, elkarrekin.