Dagoeneko zehaztu dute, noiz emango zaion hasiera 2019ko sagardotegi garaiari, Astigarragan. Urtarrilaren 16an izango da, asteazkenarekin; Hernanin, ostiral horretan egingo dute. Hala jakinarazi zuten larunbatean, Donostian, Sagardo Apurua festaren barruan.
Bertan aurkeztu zuten 2018 urteko uzta ere: guztira, 11,78 milioi litro sagardo egin dituzte Euskal Herri osoan; horietatik 11 milioi inguru, Gipuzkoan.
Aurkezpenean eman zuten aditzera, «intentsitate haundiko aroma» daukala sagardo berriak. «Gorputzeko sagardoak dira, eta alkoholari dagokionean 6,5 gradu ingurukoak. Tanino haundiko sagardoa da», nabarmendu dute.
Sagar uzta, hori bai, iazkoa baino txikiagoa izan dela azaldu dute: «joan den urteko uzta oparoaren ondoren, sagar urte lasaia izan da aurtengoa. Sagarrondoek, espero bezala, sagar gutxiago eskaini badigute ere, kalitate oso haundikoa izan da etorritakoa. Sagar alea txikiagoa izan da, eta likido gutxiagokoa, baina kontzentratuagoa, eta azukre gehiagokoa».
Euskal Sagardoak, festa ostiral honetan
Bestalde, azken txanpan sartu da, Euskal Sagardoa jatorri deituraren Egin zotz! kanpaina. Eta itxiera ona emateko, kanpainaren bukaerako festa antolatu dute Astigarragan. Etzi izango da, ostiral honetan bertan, Joseba Barandiaran plazan. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta 21:30etan bukatu. Bertan, Euskal Txerria erreko dute, eta pintxotan banatuko dute, herritarren artean.
Gainera, festak iraun bitartean, herriko tabernetan erdi prezioan izango dituzte Basatxerri produktuak, Euskal Sagardoa eskatzen dutenek.