ELI Pagola ereñotzuarrak irabazi zuen igandean, Errenteriako Niessen Kulturgunean, Xenpelar Sariaren 24garren edizioa. Bertsolari hernaniarrak urtea ezin hobeto amaitu du eta urrian irabazitako Hernandorena Sariari gehitzen zaio Xenpelar. Pagolak aitortu zuenez «oso eroso sentitu nintzen kantari» eta horren emaitza izan zen txapela.
Bigarren Ane Zuazubiskar sailkatu zen. Lan luzeak zituzten finalean, baina hori ez zen oztopo izan Eli Pagolarentzat. Kanporaketan ere puntuaziorik altuena lortu zuen eta finalean berretsi zuen bere maila.
Larunbatean Nerea Ibarzabalen txanda izango da Bizkaiko Txapelketa Nagusian eta Hernanin bizi den markinarrak ere aukerak ditu txapela irabazteko.