Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 70 urte betetzen ditu gaur, eta data hori aprobetxatuz, Hernani Solidarioa-Etxebizitza eskubidea erakusketa jarriko dute gaur ekimena osatzen duten herriko hainbat elkartek elkarlanean. Arratsaldeko 19:00etan inauguratuko dute, Plaza Berrin, eta bertan izango da ikusgai hilaren 18ra arte, hau da, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte. Itxiera ere, emanaldi batekin egingo dute egun horretan, 18:00etan, Plaza Berrin.
10 paneleko erakusketa
Hamar panelek osatzen dute erakusketa, eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 25. artikuluarekin hasten da. Ondoren, irudien bitartez, etxebizitzaren egoera «ikusarazi eta salatu» egingo dute: «komunean jarri nahi dugu etxebizitzen gaia Hernanin, horrek dakartzan arazoekin, gure herriko jende askok, bereziki etorkinek, jasaten dituztenak: etxegabetzeak, azkenaldian, bereziki, alokairuaren bueltan; merkatuan dagoen etxebizitza urritasuna; alokairuen prezio altuak, eta batzuetan, gainera, bizigarritasun baldintza eskasetan daudenak», azaldu dute antolatzaileek.