lau urte dira jada Hernaniko alor ezberdineko hainbat elkarte Hernani Solidarioa sortzeko batu zirenetik.
Dagoeneko egin dituzte ekimen batzuk, eta aurten etxebizitzaren gaia landuko dute: «komunean jarri nahi dugu etxebizitzen gaia Hernanin, horrek dakartzan arazoekin, gure herriko jende askok, bereziki etorkinek, jasaten dituztenak: etxegabetzeak, azkenaldian, bereziki, alokairuaren bueltan; merkatuan dagoen etxebizitza urritasuna; alokairuen prezio altuak, eta batzuetan, gainera, bizigarritasun baldintza eskasetan daudenak», azaldu dute antolatzaileek.
Horien artean daude, besteak beste, Kaleratzeak Stop, Atawafok elkartea, Hernaniko elizbarrutiko Caritas, Kanika aisialdi taldea, Berdintasun Kontseilua eta AMHER-SOS Arrazakeria. Gainera, «ezin ahaztu Hernanin elkarte eta pertsona askok egunero egiten dute lan bizikidetza harmonikoa izan dadin, eta beren helburuak lortzeko elkartasun sareak ehuntzen dituztenak».
Erakusketa, bihartik
Egoera horiek «ikusarazi eta salatzeko» erakusketa jarriko dute bihar Plaza Berrin, Hernani Solidarioa-Etxebizitza-eskubidea izenburupean. Arratsaldeko 19:00etan egingo dute irekiera ofiziala.
Hamar panelek osatzen dute erakusketa, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 25. artikuluarekin hasten da: «Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, mediku sorospena eta gizarte-zerbitzuak...».
Itxiera berezia
Hilaren 18ra arte egongo da ikusgai erakusketa. Data ez da nolanahi aukeratua izan; bi egun hartu dituzte erreferentziatzat: «gure elkarteen izaerari lotutako bi data izan ditugu kontuan: abenduaren 10a Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70garren urteurrena ospatzen da, eta hilaren 18a, Pertsona Etorkinen Nazioarteko Eguna».
Bigarren egun horretan bertan emango zaio bukaera, erakusketari. Modu berezian egingo dute hori ere: «elkarteetako ordezkarien eskutik, itxiera egingo dugu etxebizitza-eskubideari, elkartasunari, aterpeari eta migrazioari erreferentzia egiten dizkietan poema eta testuen irakurketarekin».
Arratsaldeko 18:00etan izango da, Plaza Berrin. Euria egiten badu, aldiz, Atsegindegin egingo dute.