Haur eta Lehen Hezkuntzako 607 ikasle ditu egun Astigarragako Herri Eskolak; 58 ikasle goizuetar eta aranoar, Goizuetako Xalto Eskolak; 1.723 ikasle, Hernaniko hiru ikastetxe publikoek eta Inmakuladak; eta 74, Ereñotzuko Txirrita Eskola Txikiak. DBHn, berriz, 699 ikasle daude Hernanin, eta Goizuetan, 12; kasu honetan, DBH 1 eta 2 maila bakarrik eskaintzen dira bertan. Denera, 3.173 ikasle, 2 eta 16 urte artekoak, Hernaniko Udaleko datuen eta Urumea, Langile, Txirrita, Astigarragako Herri Eskola eta Goizuetako Xalto eskolek emandako datuen arabera.
Gipuzkoan, astelehenean hasi eta otsailaren 8ra arte egongo da zabalik aurrematrikulazio epea, eskola publikoan; Nafarroan, otsailean irekiko da epea.
2 eta 16 urte arteko ikasleei zuzendutako kanpaina
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak astelehenean irekiko duen aurrematrikula kanpaina zuzendua dago Haur Hezkuntzara (2 eta 5 urte arte), Lehen Hezkuntzara (6 eta 12 urte arte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara (12 eta 16 urte arte). Urumea bailarako ikasleei dagokienez, Gipuzkoako eskola publikoei eragiten die.
Hernanin, denera 2.422 ikasle daude adin horretan, martxan dagoen ikasturte honetan. Horietatik, 1.551 ikasle dira Elizatxo, Langile eta Urumea ikastetxe publikoetako Haur eta Lehen Hezkuntzakoak, eta 172 Inmakulada ikastetxe kontzertatukoak. Hernaniko Institutuan, berriz, DBHko 603 ikasle daude, eta Inamkuladan, 96; azken hauek, B eredukoak dira.
Elizatxon 155 ikasle daude Haur Hezkuntzan, eta datorren ikasturterako, bi urteko gelan sartzeko 46 plaza, hau da, bi linea daude. Lehen Hezkuntzako sei mailatan, berriz, 285 ikasle dituzte. Denera, 440 ikasle daude.
Langilen 257 dira Haur Hezkuntzako 2, 3, 4 eta 5 urteko geletan dauden haurrak, eta datorren urterako, 69 plaza izango dituzte bi urtekoen gelan (hiru linea) eta 9 plaza, bost urtekoenean. Lehen Hezkuntzari dagokionez, 439 ikasle dituzte, eta datorren urterako, aurreneko mailarako 18 plaza eta bigarren mailarako 9 izango dituzte. Denera, 696 ikasle dira.
Azkenik, Urumean, Haur Hezkuntzan 128 ikasle dituzte, eta bi linea izango dira datorren ikasturtean, bi urteko haurrentzako. Lehen Hezkuntzan 287 ikasle dituzte, eta beraz, ikastetxe guztian 415 dira.
Gipuzkoan segita, Ereñotzuko Txirrita Eskola Txikian 26 ikasle dauzkate orain Haur Hezkuntzan, eta 48, Lehen Hezkuntzan; denera, 74.
Azkenik, Astigarragan, 607 ikasle dituzte ikasturte honetan; 274 Haur Hezkuntzan, eta 333 Lehen Hezkuntzan. Datorren ikasturterako bi urtekoen gelarako 90 plaza izango dituzte; 5 gela.
Goizueta eta Aranon, otsailean
Urumea bailarako Nafarroako ikasleentzat otsailean irekiko da aurrematrikula epea. Goizueta eta Aranoko ikasleek Goizuetako Xalto Eskolan daukate aukera, 3 urteko gelatik hasi eta DBHko bigarren mailara arte.
Denera, 16 ikasle daude Haur Hezkuntzan; 14 goizuetar eta 2 aranoar. Lehen Hezkuntzan, 34 goizuetar eta 8 aranoar. Eta DBH 1 eta 2 mailetan, 10 goizuetar eta 2 aranoar. Denera, 70 ikasle. Datorren ikasturteari begira, «erroldatutako umeen arabera, 8 ikasle berri» aurreikusten dituzte, baina «eskola ttikia denez, plaza arazorik ez» dela izaten azpimarratu dute.
Berritasunak, aurrematrikulan
Astelehenean irekiko den aurrematrikula kanpainak hainbat berritasun izango dituela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, eskaera egitean familia bakoitzak 12 ikastetxe aukeratu ahal izatea. Honekin batera, ikastetxea esleitzeko sistema aldatuko da: ikastetxe bakoitzak zerrenda bakarra osatuko du jaso dituen eskaera guztiak kontuan hartuta, zenbatgarren aukera izan den kontuan hartu gabe.
Horrez gain, sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek ez dute eskaerarik egin beharko, ikastetxe horri dagokion institutu publikoa aukeratuz gero, eta hizkuntza eredua mantenduz gero.
Guztiarekin, «familiei tramiteak erraztea» eta «familien lehentasunei era egokiagoan erantzutea» lortu nahi da.