Romerok lidergoa sendotu du hirugarren jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2018ko abe. 8a, 01:00

Bio Race Oiartzun Bike txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen Donostiako Antonio Elorza belodromoan eta Jaime Romero astigartarra izan zen jardunaldiko protagonista eta garaile nagusia. 

Guztira 138 txirrindulari aritu ziren; kadete, junior eta nesken mailan eta kopuru altu honek eragin zuen Open mailako probarik ez egotea. Ho­rrela, Astigarragako bi txirrindulari bakarrik lehiatu ziren; Jaime Romero eta Telmo Sem­perena. Eta nola gainera. 

Romero arratsaldeko izarra izan zen bi frogak irabazi eta gero. Lehenengoan, scrachtean, Jaimek eraso egin zuen eta itzulia hartu zien pelotoiko kideei, nahiz eta gero beste sei txirrindularik, horien artean Telmo Semperenak ere itzulia hartu zuten. Indartsuenak zirela erakutsi zuten arratsaldean zehar.

Azken esprintean, Xabier Isasak irabazi zuena, Jaime Romero (Bazpi), sailkatu zen itzulia irabazia zutenen artean aurrena, eta beraz froga hau eraman zuen poltsikora. Tel­mo Semperenak (Donosti Be­rri) lortu zuen bigarren postua eta Asturiar selekzioko Gui­llermo Pedregalek hirugarrena.

Juniorren bigarren froga puntuazioa izan zen eta he­men ere Jaime Romero gailendu zen. Beste bost txirrindularirekin batera itzulia irabazi zuen, baina puntu gehien berak batu zituen bost horien artean, tarteko esprinetan, eta 42 punturekin garaipena lortu zuen. 

Iparraldeko Eneko Lazkano eta Alexander Leaute sailkatu ziren jarraian puntuazio frogan. Telmo Sem­perena bederatzigarren geratu zen puntuazioan. 

Bi astigartarrak lehendabiziko bi postuetan eta Euskadiko selekzioarekin lehiatuko da bihar Telmo 
Gauzak ezin hobeto doaz bi txirrindulari astigartarrentzako. Jaime Romero lider da 102 punturekin eta bigarren Telmo Semperena herrikidea dago sailkatua 81 punturekin. Asier Pozok postu bat galdu eta hirugarren kokatu da orain 78 punturekin.  Bihar bertan laugarren jar­dunaldia korrituko da Do­nos­tiako belodromoan, bai­na Telmo Sem­perena ez da ari­ko eta bere postua arriskuan da­go. Litekeena da, bigarren postutik atzera egitea, asteburu honetan bertan. 

Izan ere, Euskadiko selekzioarekin bidaiatu du berak Portugalera, eta bihar lehiatuko da bertan. Hori horrela, bi­ga­­rren postu hori ez ezik, gehia­go ere galdu ditzake. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!